Hilario Aurtenetxe bermeotarrak Bermeoko historiaren garai ezberdinak jasotzen dituzten
1.700 argazki, dokumentu, artikulu, bideo edota panfleto baino gehiago dohaintzan eman dizkio Bermeoko Udalari.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, eskerrak eman dizkio Aurtenetxeri dohaintzan emandako materialarengatik. Alkatearen berbetan, “Bermeoko herriarentzat
altxor bat da, ondare historiko garrantzitsua da eta herriari dohaintzan ematea benetan eskertzekoa da”. Aurtenetxek emandako
argazkirik zaharrena 1837. urtekoa da eta argazkiak zein beste motatako materialak artxiboan gordeko dira, “Bermeoko ondarearen parte garrantzitsua baitira”.
Aurtenetxe, udaleko kideei bilduma erakusten. Argazkia: Bermeoko Udala
Argazki horietan Bermeoko herria urteetan zehar zelan aldatu den ikus daiteke, baita Bermeoko historiaren momentu garrantzitsu eta ezberdinak ere, eta bertan bermeotarron ohitura, lan eta bizitzeko era jasotzen dira. Adibidez,
Bermeoko emakumeen lehenengo orfeoiaren argazki bat dago bilduman, 1917. urtekoa, hain zuzen ere.
Bermeoko eraikin garrantzitsuenetarikoen inaugurazio ekitaldietako argazkiak ere jasotzen dira Aurtenetxek eskainitako bilduman: Kofradi berria, Musika eskola,
trenaren eta osasun etxearen inaugurazioa 1955. urtean, Bermeoko Frontoiaren aldaketak biltzen dituzten joan den mendeko argazki ezberdinak edota Talaieroaren inaugurazioa. eta baita ere
Izaron lehenengo aldiz Bermeoko ikurriña jarri zen unea ikus daiteke argazkietan.
Antzinako Bermeoko argazki asko ere daude bertan: arrantzaleak lanean, emakumeak lanean Portuan, itsasontziak, Bermeoko Portua, Erreten edo antzinako labaderoa. Horiez gain, alderdi politiko zein sindikatuen
esku-orriak eta dokumentuak bildu ditu Aurtenetxek.