Elantxobe balioan jartzeko proiektu estrategiko berriak onartu ditu udalak
Elantxobeko Udalak herria balioan jartzeko eta ekonomia sustatzeko bi proiektu estrategiko bultzatuko ditu. Horretarako turismo kulturala, iraunkorra eta kalitatezkoaren dinamizazioa “beharrezkoa” dela uste du udalak, eta horregatik onartu ditu “turismo iraunkorrari zuzendutako garapen formulak” planteatzen dituzten proiektuak.
Proiektu estrategikoek Elantxobeko herriaren garapena bultzatu nahi dutela esan du Josu Olagibel Elantxobeko alkateak: “Sinergiak bilatzea da gure lana, eta ekimenak zein aurrera egiteko formulak proposatzea gure herriari bizia emateko. Hori ezin da bultzatu eskualde mailako garapena planteatu barik. Horregatik, udaletxean aurkeztu ditugun proiektu estrategikoen artean, beti haratago begiratzen saiatzen gara”.
Busturialdeko talaiarien memoria eta lekukotasuna berreskuratzera bideratuko dute Urdaibai Itxasoari Begira proiektua. Elantxobe, Bermeo, Mundaka eta Ea bezalako kostaldeko herrietan talaiarien lana “beharrezkoa” izan dela azpimarratu du udalak, eta proiektu honen bitartez horien lana “berreskuratu gura dutela” esan du. Talaietan egiten zen lana ezagutarazteko panel ezberdinez osatutako ibilbidea jarriko dute, QR kodeekin; besteak beste, talaiariek ontzien eta zetazeoen behaketak eta aurreikuspen metereologikoak nola egiten zituzten ikusi ahalko da horietan. Lanpostu zuzen baten eraketa planteatu dute proiektuagaz batera, “udan bisita gidatuak zuzentzeko”.
Proiektuaren barnean, Talaiako begiratokia berregitea aurreikusten da, “irisgarritasuna hobetzeko eta balio turistikoa eskaintzeko”. Gainera, Ogoño mendian dauden bi talaiak balioan jarriko dituzte, bai eta tokikoak ez diren baso arbolak moztu, bideak egokitu eta seinaleak jarri ere”.
Ekimen honegaz froga bat egiteko asmoa du Elantxobeko Udalak, eta “ibilbide kultural eta naturalaren formatuagaz” eskualde eta lurralde mailan zabaldu gura dute. Proiektuaren garapenerako Bizkaiko Foru Aldundiagaz kudeatu ditu diru laguntzak Elantxobeko Udalak, eta Urremendi LGEren bitartez, Leader eta Itsaspen 2018 programetara aurkeztu ditu eskaerak.
Buelti izeneko proiektua bestalde “artistikoa eta kulturala” dela adierazi du udalak, Busturialdeko historia, paisaia eta kultura ezagutzera emateko bideratuta dagoena: “Kantauriar Artadian bertan, aire zabalean museo bat sortzea da asmoa”. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Urdaibaiko Patronatuak eta Elantxobeko udalak eskainitako diru laguntzekin kudeatuko da.
Herriko irisgarritasuna. Ekainean ospatutako azken osoko bilkuran suteen aurkako egokitzapen prebentiborako planteatutako neurriak ezagutarazi ziren. “Leunbe auzoa eta Olaeta kaleko bideen egokitzapen eta handitzea planteatu da”, adierazi zuen udalak bilkuran; horretarako, zabalera egokiko eta erraz iristeko ibilbideak egitea proposatu zen.
Suteen aurkako baliabide prebentiborako lehen fasea da honakoa, eta emergentziazko ibilgailuentzako eta auzokoentzako bideak “irisgarriak” egitea lortu nahi dute. Leunbe auzoko lanak burutzeko aurrekontua 381.208,66 eurotakoa da, eta Olaeta kalera bideratu beharrekoa berriz, 197.013,58 eurotakoa. Lanok burutzeko diru lagutzak kudeatu ditu udalak.
Osoko bilkuran gainera, Eliza Barri plazaren erabilpena aldatzea ere onartu zen. Hori horrela, oinezkoentzako eta aisialdirako erabilera berreskuratu gura da, trafikoa kendu, lurreko harlauzak konpondu eta umeentzako parkea ezarri.
Kofradiako lokala. Zeruko lainoa II itsasontziari kofradiako lokal bat alokatzea ere aurreikusi du udalak: “2016. urtean kofradiako lehenengo hiru sotoak eta hamargarrena arrantza jarduera profesionala sustatzeko alokatuko zirela onartu zen. Orain, lokalari emandako kontsezioa bertan behera utzi behar da, hustarazi, jabegoa aldatu eta arrantza jarduera profesionalerako esleitu”.