Hitzaldi, dantzaldi, antzerki emanaldi zein kontzertuez gozatzeko aukera emango du aurtengoan ere Eako Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak. Barikutik domekara bitartean,
askotariko sortzaileek bat egingo dute kostaldeko txoko txikian, Eako Poesia Egunetan.
Aurrekoetan Natxituan eta Bedaronan egiten zituzten zenbait ekitaldi, baina, aurten
denak herrigunean egingo dituzte.
Barikuan Bilbon egin zuten Eako Poesia Egunak aurkezteko agerraldia.
Argazkia: Eako Poesia Egunak.
Lurra, sustraietatik orri lelopean egingo dute topaketa, hamabosgarrenez. Hain zuzen, literatur ikuspegitik kontzeptu zabala da lurra, eta literatura bezain emankorra. Halaber, idazleak zuri aurkitzen duen orria zein sortzen duen edukia ere iradoki gura izan dute goiburuan.
Bestalde,
Erramun Landa Mendibe eatarrak egin du aurten ere kartela,
Bedaronako Juanen balada tristea izenburupean. «Herriko pertsona maitagarria izan zen; pertsonaia erreala, eta errealitate gogorra bizi izan zuena. Sufrikario horren salaketa egin nahi izan du kartelagaz».
Beste behin, Earako beren beregi sortutako lanak aurkeztuko dituzte, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren
Zanbuia! kale antzerkia, esaterako.
Alabaina, Amaia Elizalderen hitzaldiagaz hasiko da topaketa. Jarraian, Mikel Laboaren bost pieza esperimentaletatik eratorritako
Lekeitioak dantza ikuskizuna eskainiko du Mizel Theret koreografo eta dantzari garaikide hazpandarrak.
Zapatuan goizetik gauera arteko plana izango dute, hamaika ekitaldigaz, eta domeka arratsaldean,
La Basu rap kantari etxebarritarraren letrekin amaituko dituzte Eako Poesia Egunak. 20 urtetik gorako ibilbide musikala daroa, eta bere azken lana aurkeztuko du:
Ni naiz izotz erregina. Soinu eta berba indartsuak batzen ditu Euskal Herrian bakarkako emakumezko batek euskaraz argitaratutako lehen disko honek. Bertso, rap musika, dancehall eta electro swiming soinuekin agurtuko dira.
Ikasteko, sakontzeko eta gozatzeko eskaintza zabala dakarte beste urte batez. Hiru egunetan sortzailez eta sormen gosez diren ikus-entzulez beteko da Ea.
EGITARAUA:
UZTAILAK 13, BARIKUA
- 19:30. Jon Miranderen (H)aur besoetakoa (1959-…), Nondik eta Nora? Amaia Elizalderen hitzaldia, Eskolondon.
- 22:30. Mizel Theret-en Lekeitioak dantzaldia, Eskolondon.
UZTAILAK 14, ZAPATUA
- 11:00. Bestelako lurralde, intimitate eta euskal herritarrak egungo literaturan hitzaldia Ibai Atutxagaz, Eskolondon.
- 13:00. Errezitaldia moilan, Martin Bidaur eta Juanjo Olasagarre poetekin, Trizak taldeko musikariekin eta Eneritz Artetxe aktorearen kolaborazioarekin.
- 15:00. Bazkaria, Aritza tabernan.
- 17:30. Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Zanbuia! antzerkia, herrian zehar.
- 20:30. Parrapean errezitaldia, Josu Landa, Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo eta Ane Garciagaz, Portusolon.
- 22:45. Mice taldearen kontzertua, Eskolapean.
UZTAILAK 15, DOMEKA
- 11:00. Lurra, animaliak, emakumeak: Desokupazio-Ariketa 5 ekitalditan hitzaldia, Mari Luz Estebanegaz, Eskolondon.
- 13:00. eMe taldearen eta Oier Guillanen kontzertua, moilan.
- 15:00. Herri bazkaria, Eskoikiz tabernan.
- 17:30. Ni naiz izotz erregina kontzertua, La Basugaz, frontoiko arbolapean.