Sankristobalei amaiera emateko, santuaren eguna ospatzen ari dira gaur busturiarrak. Goizetik hasita, herriko hainbat lagun bildu dira San Kristobal auzoko plazan, jai giro galantean eguna ospatuz. Eguerdiko eguzkipean, Irrintzi Alai Dantza Taldeko ume eta gaztetxoek emanaldia eskaini diete hurbildu diren guztiei; txistuaren eta danborraren soinuagaz batera herria alaitu dute.
Irrintzi Alai Dantza Taldeko ume eta gaztetxoak.
14:00ak aldera, tradiziozkoa den Auto Apainduen erakusketa egin dute. Herriko txikienek hartu dute parte lehenik, plazatik auto txikien gainean edo mozorrututa arituz. Umeen txandaren ostean, era eta tamaina guztietako bederatzi autok plaza motorren zaratotsaz bete dute, eta plazako ikusleei gozokiak bota dizkiete autoetatik. Epaimahaiak hoberen apaindutako autoak aukeratu ditu: hirugarren postuan, Barrotabeñakoak izan dira, bigarren sailkatuak Luberrikoak, eta lehen saria BermiAutoko parte hartzaileei eman die epaileek.
Arratsaldean, PlayBack lehiaketa ospatuko dute enparantzan bertan, eta ostean, Larrain Dantza eginez emango diete bukaera sankristobalei. Jaiak, hala ere, barikuan hasi zituzten busturiarrek. Auzoko jaiak hasi zituztenetik jarduera ugari eduki dituzte aukeran; pintxo lehiaketa, txokolatada, danborrada edota kontzertuak, besteak beste.