'Hasiberria' filma emango dute gaur gauean Eako udako zineman
Eako Udako zinema denboraldia Hasiberria film frantsesagaz hasiko dute gaur gauean Eskolondon; 21:00etan proiektatuko dute filma, eta doako saioa izango da.
Rudi Rosenberg zuzendari frantsesak zuzendutako gazteentzako filma da Hasiberria. Hamalau urteko mutiko baten bizimodua kontatzen du, landa eremuan bizitzetik Parisera bizitzera igarotzen denarena. 2015. urtean estreinatu zen 80 minutuko filma da, eta jatorrizko hizkuntza frantsesa da. Hala ere, Ean euskarazko azpitituluekin eskeiniko da.
Martitzenero. Uztaileko martitzen guztietan Eskolondon 21:00etatik aurrera adin eta ikusle guztientzako filmak proiektatuko dituzte; gaurtik uztailaren 31ra bitartean eatarrak film desberdinekin gozatzeko aukera izango dute.
Bigarren emanaldia uztailaren 17an egingo dute. Emakumearen presentzia film laburretan landuko dute saio horretan, eta horregatik, bost film labur eskainiko dituzte. 2011, 2012 eta 2013. urteetan estreinatutako The Curse, Mobile homes, RAE, What bring to America eta Irene dira aukeratutakoak. Guztira 76 minutu iraungo ditu bigarren saioak.
Musika filmak lantzeko, 2015ean estreinatutako Fermin Muguruzaren Nola? dokumentala emango dute eskolondon.
Eta udako zinemagaz bukatzeko, Xuban Intxaustiren Eskola Ibiltaria filma egongo da ikusgai. Errefuxiatuek izan nahi luketen eta ez duten eskolari buruzko kezkak eta nahiak adierazten ditu filmak.