Uraren Euskal Agentziak Foruko
Elejalde auzoan egindako lan batzuen ondorioz aurkitu dituzte aztarna berriak.
Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak joan den astean egindako Bizkaiko Batzar Nagusietan adierazi zuenez, dirudienez egindako aurkikuntza erromatar herrixkako
ur beroen bainuen kokalekua da. Oraindik hondakin horiek zer diren zehazteko lanetan ari dira, eta aurkikuntza udalerriko erromatar aztarnategiaren
hamabosgarrena da.
Elejalde auzoan aurkitutako aztarna berriak.
Bilbaoren berbetan, URAk kontratatutako arkeologoek aurkitu zituzten aipatutako aztarna horiek. Uraren agentziak Gernika-Lumo eta Busturia artean saneamendu-kolektore bat eraikitzeko lanak egin nahi zituen Elejalde auzoan.
Diputatuak azaldu zuenez, Forua eta bere inguruan edozein motatako lanak egin aurretik derrigorrezkoa da arkeologia adituek lanak egin nahi diren
gunea ikertzea, bertan erromatar herrixkaren aztarnak dauden zehazteko helburuagaz. Horrela, aztarna horiek aurkitzerakoan, lanak
bertan behera gelditu direla azaldu du URAk: “Zundaketa emaitzen arabera, terma erromatar batzuen aztarna arkeologikoak dira, zonaldean orain arte aurkitu izan den
eraikuntza publikorik nabarmenetakoa, eta horiek babestea premiazkoa da”.
Aurkikuntza egin ondoren, aldundiaren arkeologoek hartu dute bere gain aztarnen garrantzia eta hedapena aztertzeko lanak.
Saneamendu-kolektorea. URAk adierazi duenez, Ondare Kulturaleko buruek zehaztutako irizpideei jarraituz, kolektorea eraikitzeko
lurpeko finkatzea erabiliko dute aurkitutako aztarna arkeologiko horiek babesteko. Proiektuak
ibilbide berbera jarraituko duela azaldu du.
Lanekin, 6,5 km-ko kolektore-tarte berria egingo dute. Bi kilometro eta erdi hodi eraikiko dituzte Gambe eta Muruetako hondakin urak kolektorera bideratzeko, eta azkenik, lau ponpatze eraikiko dituzte isuriak saneamendu-sistemara helarazteko. Gainera, aurreko lanetan egindako zuloak irekita egongo direla aprobetxatuz, hornidurarako 6,5 km hodi berri eraikiko dituzte. Busturia eta Gernika arteko
hornidura-hodia berriztatzea beharrezkoa dela azaldu dute: gaur erabiltzen dena padura-gunean dago, eta horrez gain, egoera txarrean.
Lan horiei esker, Gernika eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegiaren arteko
saneamendu-sarearen tarteak bukatuko dituzte. Hala, Gernika, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi edota beste herriguneen
hondakinak Bermeon dagoen HUAraino bideratuko dira, dagokion moduan tratatuak izan daitezen.