Errekan zein itsaso bizian zertarako gai den erakutsi du talde bermeotarrak denboraldi hasiera honetan. Galizian lortu du denboraldiko hirugarren bandera. Bestalde, nesketan, San Juanentzat izan da garaipena. Batelerek ere bi jardunaldiak irabazita lortu dute bandera.
Eneko Bilbao bermeotarra bandera astintzen, atzo.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Bi egunetan nagusituta,
II. Bandeira Cidade da Coruña Bermeora ekarri du. Hala,
lidertza sendotu du; 58 puntu ditu Urdaibaik, eta sei puntura dauka Hondarribia aurkari zuzena. 49 puntugaz Zierbena dago hirugarren, eta 42na puntugaz berdinduta daude Santurtzi eta Orio.
Atzoko estropa amaitu berritan,
Beñat Eizagirre Urdaibaiko arraunlariak Eneko Bilbao patroi bermeotarraren lana nabarmendu zuen: “Denetarako gai dela erakutsi du”. Koroa irabazteko helburu nagusia lortzeko, euren zeregina astez aste puntuak pilatzen joatea dela adierazi zuen.
Itsaso zakarrak eta batik bat
haizeak baldintzatu ditu asteburuko estropadak. Hala ere, Urdaibaiko arraunlariek baldintza guztietan arraunean ondo egiten badakitela argi utzi dute. Zapatuan zein domekan ia bederatzi segundoko aldea atera zien bigarren sailkatuei.
Atzoko estropadan,
Bou Bizkaia hasieratik jarri zen
estropada buru.
Ama Guadalupekoa ahalegindu zen lehen zatian, baina, alferrik. 21 minutu, 30 segundo eta 10 ehuneneko denbora markatu zuen Bermeoko taldeak. Orio sailkatu zen atzo bigarren; bigarren txandako denborarik onena egin zuten oriotarrek, eta bermetoarrengandik zortzi segundo eta 92 ehunenera geratu ziren. Hala, lehen txandako azkarrena Ondarroa izan zen, eta estropadan hirugarren geratu zen, Urdaibairengandik 17 segundo eta 42 ehunenera. Hondarribia izan zen laugarrena, irabazlearengandik 19 segundo eta 16 ehunenera sailkatuta.
Hain zuzen, aurreko denboraldietan ez ohikoa zen laukoteak osatu zuen atzoko ohorezko txanda. Liga irabazteko bi faboritoekin batera,
Zierbena eta Donostiarra egon ziren. Ligako aurreko hiru estropadetan Zierbenak indartsu datorrela ohartarazi zuen, baina, talde donostiarrak ezustekoa eman zuen zapatuan. Bigarren txandan nagusitu, eta laugarren sailkatu zen estropadan, domekarako ohorezko txandarako txartela lortuz. Zapatuko estropadan Hondarribiak hartu zuen aurre, eta lehen ziabogan hiru segundoko aldea atera zion Urdaibairi. Alabaina, talde bermeotarrak hondarribitarraren parean jartzea lortu zuen. Apurka-apurka beste taldeekiko tartea handitzen joan zen, eta 20 minutu, 28 segundo eta 90 ehunenegaz nagusitu zen lehen jardunaldian. Zierbenak Hondarribiari aurrea hartu zion, eta bigarren amaitu zuen Urdaibairengandik 8 segundo eta 86 ehunenera.
Lur Uribarren elantxobetarra izan zen zapatuko patroia.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Asteburu honetan, bi bandera. Bestalde, TKE Ligaren taldeek Gipuzkoan eta Kantabrian dituzte hitzorduak asteburu honetan. Zapatu arratsaldean
XI. Bandera Donostiarra Kaiarriba-Amenabar lehiatuko dute, Donostian. Domeka eguerdian, berriz,
VI. CaixaBank Bandera izango dute jokoan, Castro Urdialesen.