Zapatuan Ean lehiatu zuten
Urdaibai Koparen laugarren proba, eta 90 korrikalarik parte hartu zuten.
Monasterio bermeotarrak ordubete, 40 minutu eta 58 segundotan amaitu zuen lasterketa. Unai Intxaurraga heldu zen atzetik, Monasteriorengandik bi minutu eta 56 segundora. Urko Valdivielso sailkatu zen hirugarren, irabazlearengandik hiru minutu eta 22 segundora.
Argazkia: Txipiroi.
Nesken podiuma Amaiur Iglesiasek eta Leire Monasteriok osatu zuten. Kortazar mutrikuarrak ordubete, 52 minutu eta 8 segundoko denbora markatu zuen helmugan. Iglesias Kortazarrengandik 19 minutu eta 56 segundora ailegatu zen. Monasteriok, berriz, bi ordu, 15 minutu eta 35 segundotan burutu zuen proba.
Argazkia: Txipiroi.
Bestalde, BTT martxak
180 bat txirrindulari batu zituen. Bizikleta zaleek hiru aukera izan dituzte aurten; 15km-ko ibilbide laburra (650m-ko desnibel positiboagaz), 30km-ko luzea (1.300m-ko desnibel positiboagaz) eta 43km-ko extreme ibilbidea (1.800m-ko desnibel positiboagaz). Extreme martxa 50 txirrindularik burutu zuten, laburrena 20 txirrindularik egin zuten, eta luzea gainontzekoek.
Antolatzaileek aurten bildutako
jendetza eta sortu den
giro polita azpimarratu dituzte. Egunean bertan eta oro har asteburuan herrian jende asko egon da. “Aurreko bi urteetan Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituan egon ginenez, Eako mendi duatloian parte hartu zuten batzuek errepikatu egin dute. Adibidez, Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritako parte hartzaileak izan ditugu. Batzuk egun pasa etorri ziren, eta beste batzuk karabanak, furgonetak edo bertan ostatua hartu eta asteburu pasa egin dute Ean”.
Nahasketa egon dela adierazi dute. Hau da, punta-puntako kirolariak zein afizionatuak eta hasiberriak elkartu dira trailean zein BTTan. “Txipiroiak proba gogorraren fama dauka, eta aurten horregatik jarri genuen BTTan ibilbide laburra. Halaber, gorengo mailan dauden korrikalariak zein txirrindulariak ibilbideagatik etortzen dira hona; kostaldetik pasatzen dira eta ibilbideak maiteminduta ditu”.
Esaterako, trailean Oihana Kortazar bezalako korrikalari batek parte hartzea ohorea dela esan dute, baita BTT martxan Alex Ordeñana usansolotarra, Julen Zubero lemoarra eta David Puente balmasedarra egotea ere. BTTa ez da lehiakorra; Ordeñanak bi ordu, 48 minutu eta 17 segundotan amaitu zuen. Zuberoa eta Puente hamar segundoko aldeagaz ailegatu ziren. 2:54:27 markatu zuen Zuberoak, eta 2:54:37 Puentek.
Argazkia: Txipiroi.