Zesta Puntaren historia liburua aurkeztu dute Gonzalo Beaskoetxea eta Edorta Basterretxeak, gaur, Gernika-Lumoko Elai-Alai areto txikian;
2004an argitaratutako liburuaren
bigarren alea da honakoa. Guztira 250 ale kaleratu dituzte 25 eurotan, eta Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan eta Jai Alai frontoian eskura daitezke; eskera bidez ere lor daitekeela zehaztu dute.
Egindako lanagaz “pozik” daudela aitortu dute biek ala biek, “orain arte ez delako zesta-puntaren historia dokumentu bakarrean gorde”. Gainera, sei urtetan egindako lana jendearen gustokoa izatea espero dutela adierazi dute.
Zesta-puntaren
azken hogei urteak bildu dituztela liburuan azaldu du Gonzalo Beaskoetxeak, baita lehen liburuan jasota ez dauden hainbat datu historiko ere. “Lan gogorra izan da, denbora askotan burututakoa”. Liburua oso interesgarria dela gehitu du: “Gure kirola zer den eta zer izan den jakin nahi duenarentzat informazio iturri ona da”. Kirolaren datu garrantzitsuak biltzen ditu liburuak, eta “beharrezkoa” zela horrelako informazio bilgune bakarra izatea azpimarratu dute Gonzalo Beaskoetxea eta Edorta Basterretxeak.
Basterretxearen berbetan,
“jakingura” dela-eta lehenengo liburuan batu ezin izan zituzten datuak bildu dituzte bigarren honetan. “Benetako historia kontatu nahi izan dugu, hori izan da zailena. Datu guztiak lortzea eta modu zuzenean kokatzea, ezer galdu gabe”. Azken urteetako digitalizazioari esker, datuen bilketa “errazago” egin dutela aitortu dute; hala ere, “herrialde desberdinetako artxiboak begiratu behar izan ditugu, baita artxibo pertsonalak ere”.
Lau kapitulutan banatutako lana da. Lehenengo bietan zesta-puntaren azken urteak aztertzen dira; hirugarrenean datu historikoak ikus daitezke, eta laugarrenak berriz, desagertutako frontoiei buruzko informazioa ematen du. Laugarren hori, “lehenengo liburuaren jarraipena” dela azaldu du Basterretxeak, “
osagarriak dira“. Desagertutako frontoien kapituluan, Brasileko 21 frontoi agertzen direla aitortu dute.
Bitxikeriak. Edukiei erreparatuz,
ezusteko “asko” biltzen dituen liburua dela aitortu du Beaskoetxeak, “imajina ezin daitezkeen eta dokumentu gitxitan jasota dauden geraterak kontatzen dituelako”. Zestaren ibilbidean oso garrantzitsuak diren eta ezagutzen ez diren datuak aurkitu dituztela esan dute. “Azpimarragarriak diren datuak dira, eta garrantzia eman behar zaie”.
Besteak beste, Jai Alai izena nondik datorren eta kinielak non sortu ziren kontatzen ditu liburuak. Lehendabiziko pilotarien argazkiak ere badaude, eta Misurikoa ez zela lehenengo frontoia izan aditzera eman dute.