Bermeoko Udalak eta San Juaneko Batzordeak elkarlanean sortu dute ekimen berri hori.
Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, astelehenetan izan ezik, San Juaneko
ermita irekita egongo dela iragarri du udalak. Ermitan egoten den informazio zerbitzuaz gain, bisita gidatuak eskainiko dituzte, euskaraz eta gazteleraz,
dohainik.
Idurre Bideguren Bermeoko Alkatea eta Irune Ormaetxea Turismo eta Urigintza zinegotziak eman dute ekimen honen berri, eta azaldu dutenez,
ermitaren ordutegia martitzenetik zapatura 11:00etatik 18:00etarakoa izango da, eta domeka eta jai egunetan 11:00etatik 15:00etara bitartean egongo da irekita.
Bisita gidatuei dagokienez, euskeraz egingo diren bisitak martitzenetik larunbatera 12:30ean eta 15:30ean izango dira, eta domeka eta jai egunetan 12:30ean. Gazteleraz egingo direnak, ordea, 13:30ean, 14:30ean eta 16:30ean egingo dituzte martitzenetik larunbatera, eta 13:30ean eta 14:30ean domeka eta jai egunetan.
Idurre Bideguren eta Irune Ormaetxea, gaurko agerraldian.
Ormaetxearen berbetan, bisita gidatuek “Gaztelugatxeko San Juan, bere
historia eta istorioak, berarekin lotuta dauden
tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta itsasoarekin, arrantzaleeki, eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea” eskainiko dizkie, “inguruko zein kanpotik” datozen bisitariei.
Argitu dutenez, herriko
bi pertsonak hartuko dute bisitak egiteko kargua, eta horiek “Gaztelugatxe den altxorraren sekretu guztiak bihotz bihotzetik” azalduko dizkiete bisitariei, ermitara hurbiltzeari
“balio gehigarria” emanez horrela. “Oso pozik” azaldu dira ekimenagaz, eta San Juaneko batzordeagaz egindako elkarlana nabarmendu nahi izan dute Bidegurenek eta Ormaetxeak, eta horiei eskerrak eman dizkiete.
Bidegurenek nabarmendu duenez, “azken urteetan” Bermeo bisitarientzako
“gero eta erakargarriagoa” egin da, eta egin duten irakurketaren arabera, erakargarritasun hori paisaia eta kultura aldetik dator: “arrantza herria izatea, izaera edota hizkuntza beste arrazoi garrantzitsu bat izaten da bisitariak Bermeora erakartzeko”.
Turismo zinegotziak pertsona guztiak gonbidatu nahi izan ditu bisita horiek egitera, eta “bermeotarrentzako hain berezia den Gaztelugatxerekin gozatzera”.
Alegazioak. Beste aldetik, Bidegurenek Gaztelugatxeren inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak egindako
proposamenaren inguruan aritu da. Adierazi duenez, Bermeoko Udalak
“50 alegazio baino gehiago” aurkeztu dizkio aldundiari, epe barruan gainera, ekainaren 1ean aurkeztu zituztela azpimarratu baitu.
Udalaren alegazioez gain, Bermeoko herritarren ekarpenak ere aldundiari helarazi dizkiotela nabarmendu du, eta San Juaneko boluntarioen batzordeak ere bere alegazio propioak aurkeztu dituela jakinarazi du.
Egindako alegazio garrantzitsuenen berri emateko aprobetxatu du alkateak. Esate baterako, Gaztelugatxe Bermeoren “altxorra” dela eta, aldundiaren plangintzan bere lotura “bermeotarren historia, tradizio, hizkuntza eta izateko erarekin lotu” behar dela eskatu dute, herriko
“identitatea eta nortasuna jaso”. Plangintzan bertan “herriko ohitura asko ez zirela agertzen” ikusita, hori osatzea garrantzitsua dela uste dute udalekoek.
Turismo aktiboa. Irisgarritasunari ere berebiziko garrantzia eman nahi diotela aipatu dute. Bermeo eta Gaztelugatxe batzen dituen oinezkoen eta bizikleten bideari
lehentasuna eman nahi diote, horiek egokitzeko lanekin. Turismo aktiboa bisitarien motibazio nagusietako bat dela nabarmendu dute. Hala ere, egun zehatz batzuetan
autobusez bakarrik heltzeko aukera aztertzea proposatu dute,
masifikazioa ekiditzeko. Itsasoko eskaintza indartzeko proposamena ere egin dutela esan du Bidegurenek. Gaztelugatxe ezagutzeko “modu ederra” dela uste dute, eta gainera, arlo horretako herriko enpresen “lan postuak indartzea” suposatuko lukela adierazi du alkateak.
Gaztelugatxek garapenerako eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu behar dituztela esanez bukatu dute. Heltzen diren
turisten %64a Bermeotik doala jakinarazi dute, eta kopuru hori “handiagoa izatea lortzeko asmoa” adierazi du Bidegurenek, betiere “masifikazioak saihestuz, ingurua zainduz eta Bermeoren identitatea babestuz”.