Bermeoko Santamañe kaleko irisgarritasuna hobetzen jarraituko dute
Santamañe kale inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak berriro martxan jarriko dituela adierazi du Bermeoko Udalak.Maiatzaren 7an hasi ziren Santamañe kaleko lanak egiten, eta ekainean jakinarazi zion lan horiek egiten ari zen enpresak Bermeoko Udal...
Maiatzaren 7an hasi ziren Santamañe kaleko lanak egiten, eta ekainean jakinarazi zion lan horiek egiten ari zen enpresak Bermeoko Udalari hartzekodun aurre lehiaketan sartu zela eta lanak utziko zituela. Arazo ho- rren aurrean, gauzak ahalik-eta arinen konpontzen saiatu direla, eta laster lanekin berriro hasiko direla azaldu du Irune Ormaetxea Bermeoko Urigintza zinegotziak. Beste enpresa batek hartuko du bere gain obra, eta izapide guztiak egin ondoren, «ahalik eta azkarren» lanekin jarraitzeko asmoa daukatela argitu du.
Santamañe kaleko espaloia zabaldu eta berrituko dute Kurtzioko sarreraraino. Horretarako, 16 eta 17 zenbakidun eraikinaren aurrealdean dagoen hesia eraitsi dute. «Hesi hori bere garaian jabego pribatu bat inguratzeko egin zen, baina, gaur egun, espaloi publikoa estutzen du, eta irisgarritasuna bermatzeko behar den zabalera eragozten du», argitu du Ormaetxeak.
Hori dela eta, udala lur sail horren jabeekin akordio batera iritsi zen, eta, ondorioz, hesia eraitsi dute, eta lur zati hori erabilera publikora zabalduko dute. Berrituko duten espaloiaren luzera 135 metrokoa da, eta azalera 500 metro koadrokoa. «Kale osoaren zoladuraren uniformetasuna» lortuko dela adierazi du zinegotziak, eta obragaz «askoz ere erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa» izango dela bertatik ibiltzea, «bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetuz».
Bermeo «herri irisgarria» izateko, udalak irisgarritasun plangintza martxan jarri zuen, eta «urtero aurrerapausoak emateko konpromisoa» dauka.