Urdaibai ezagutarazteko 50 plan turistiko izango dira aukeran, udan
Gernika-Lumoko, Mundakako eta Bermeoko turismo bulegoek bat egin dute bigarren urtez, eta udarako 50 plan turistiko antolatu dituzte. Urdaibaiko eskaintza turistikoa batzeko, eta hori bisitariei modu erakargarriagoan eskaintzeko batu direla jakinarazi dute turismo bulegoek; udako eskaintza hauek aukera ugari eskaintzen dituela gehitu dute gainera.
Iaz egin modura, aurten ere denetariko eskaintzak prestatu dituzte bisitarientzako; familian egitekoak, kostaldeko turismo aktiboari lotutakoak, oinezkoentzako ibilbideak, edota kultura eta gastronomia lantzen dituztenak. Gainera, antolatutako planok berrikuntzekin datozela aitortu dute.
Adierazi dutenez, eskaintza horiek Urdaibaiko turismo sektoreetan lan egiten duten enpresei zabalduko zaizkie, bai eta leku horietara hurbiltzen diren bisitariei ere.
Eskaintza zabala. Denetariko eskaintza prestatu dute. Gernika-Lumon, esaterako, familian burutzeko Marko Sator jokoa azpimarratu du turismo bulegoak. “Heziketa eta miaketa bultzatzen dituen jokoa da-eta”.
Bermeon, berriz, Tuna Pintxo Tourra jarri da martxan, eta abuztu bukaerara arte jarraituko duela jakinarazi du turismo bulegoak. Bermeoko tabernetan hegaluzea dastatzeko aukera emango du plan horrek.
Hainbat ibilaldi ere prestatu dituzte hiru turismo bulegoek, Nabarniz, Arrautzu, Ereño eta Sollubetik igarotzen direnak, adibidez.
Itsasoz gauzatzeko proposamenak ere egongo dira. “Munduan ezagunena” den ezkerreko olatuaren gainean arraun egiteko aukera egongo baita. Horrez gain, surf eta eskaladako klaseak, kayakez edo itsasontziz egiteko bidaiak, edota zetazeoen ikustaldiak eskainiko dituzte.