Arane Gibelortzagako alkatea hautatuko dute auzoko bizilagunek
Arane Gibelortzaga auzoko alkatea aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte uztailaren 15ean, domekan, auzoko alkateak izendapen horri uko egin ondoren. Horrela, gaur egindako Osoko Bilkuran hauteskunde prozesu bat zabaltzea onartu dute aho batez.
Bermeoko Udalak azaldu duenez, 2016ko otsailaren 25ean, emaitzen arabera, udal osoko bilkurak auzo alkateak izendatu zituen, euren artean Arane Gibelortzagako auzo alkatea. Otsailean auzoko alkateak izendapenari uko egiteko eskaria aurkeztu zuen, eta horrela, 2015eko abenduaren 20ko hauteskunde prozesuaren emaitzen arabera, zerrenda jarraituta botoak eskuratu zituzten hautagai denei deitu zaie eta denek uko egin diote izendapenari.
Hori dela eta, auzoko alkatea izendatzeko hauteskunde berriak egitea erabaki dute. Hauteskunde mahaia Bermeoko Araneko kiroldegian egongo da 10:00etatik 13:00ak arte. Bozketa eta botoen zenbaketaren arduradun mahaia Bermeoko Udalaren bi zinegotzik osatuko dute. Botoak isilekoak izango dira, gutun azal baten barruan jarritako txartelaren bidez. Paper horretan, auzokide baten izena idatzi beharko da. Hautesleek, botoa emateko, Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko diete mahaikoei. Txartelak zein gutun azalak Bermeoko Udalak emango ditu.
18 urtetik gorako auzokoek eman ahalko dute botoa, hau da, auzo horretako erroldetan agertzen direnak. Auzo alkateak Bermeoko Udalaren eta auzoen arteko zubia dira eta euren auzoetako bizilagunak ordezkatzen dituzte. Horrela, Bermeoko Udalak Arane Gibelortzagako 124 auzokideak bozkatzera deitu ditu.