Tiket bidezko salmenta sistema digitala Bizkaiko Foru Aldundiak udari begira aldundiak antolatu duen jardueren artean aurkitzen den neurrietako bat da. Urizarretako eta Ermuko jaitsieretako
bi kontrolguneetan tiketak jasotzeagaz bateragarria izango da sistema berritzaile hori. Bi kasuetan ere, tiketak
derrigorrezkoak izango dira Gaztelugatxe bisitatu ahal izateko, eta
doakoak izango direla adierazi dute aldunditik.
Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatuaren arabera, biotopo babesturako “bisitarien esperientzia hobetzeko” helburuagaz sortu dute sistema digitala, bisitarien
“jarioa kontrolatzea ahalbidetuz” ekimen horren bitartez.
Elena Unzueta, aldundiak prestatu dituen jarduera berrien aurkezpenean. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Dagoeneko tiketen plataforma horretara sartzea posiblea da erabiltzaileentzat. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren
webgunean Gaztelugatxeri buruzko atalean sartu beharko da, bertan tiketa
erreserbatu ahal izanez. Erabiltzaileak izango dira bisitaren
eguna eta ordua zehaztuko dituztenak, eta tiketa paperean
inprimatuta zein gailu mugikor batean deskargatuta eraman ahal izango da, kontrolguneetan bisitari jarioak erregulatzen dituzten langileei erakusteko.
Webgunean, gainera, Gaztelugatxeri buruzko informazioa eskaintzen da bai ikuspuntu turistikotik bai ondarearen, historiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik. Zehazki, kontu praktikoak azaltzen dira, hala nola, garraiobide publikoetan iristeko bideak, erabil daitezkeen aparkalekuak, komunen kokalekua, nolako oinetakoak behar diren edota aholkuak beherantz oinez hasteko orduan, bai eta ibilbideak eta sarbideak ere, eta agerian jartzen da historia eta ondare elementuen balioa,baita leku hori gune babestu bihurtzea ahalbidetu duten elementuena.
Tiket bidezko salmenta sistema berriagaz batera, aldundiak
beste berrikuntza batzuk jarriko ditu martxan udan. Besteak beste,
seinaleztapen berria jarriko dute Gaztelugatxera doan errepidean, leku horretara nola heldu azaltzen duten seinaleak hobetzeko. Hobekuntza-irizpide bera aplikatu da Gaztelugatxeko oinezkoentzako sarbideetan, azken hilabeteotan
zaharberritze obrak egin baitira Ermutik eta Urizarretatik jaisten diren bideetan.
Lehenengoak iazko azaroan hasi ziren eta aurtengo apirilean amaitu dira. Bide-zorua irristagaitzago bihurtu dute, lehendik zegoena berrerabiliz.
Urizarretan, berriz, lanak aurtengo apirilean hasi ziren, eta burutzeko epea hiru hilabete eta erdikoa bazen ere,
joan den astean bukatzea lortu dituzte. Alde horretan zoladura hobetu egin da, bidea egokituz eta jatorrizko trazadura eta zabalera errespetatuz. Gainera, harri-zola jarri da Matxitxakoko harria erabiliz.
Arreta eta informazio puntuak. Udarako, jendearentzako arretarako
lau gune prestatu dituzte. Lurralde osoari eta Gaztelugatxeko inguruari buruzko informazio turistikoa emateko gunea Urizarretako sarrera ondoko aparkalekuan kokatu dute, eta beste hiru gune egongo dira sarrerak kontrolatzeko puntuetan; horietan
ingurumen eta turismo informazioa eskainiko dute.
Gaztelugatxeko kontrolgune berrietako bat. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Sarrerako hiru kontrolgune horiek Urizarretatik eta Ermutik jaisteko bideen hasieran eta Doniene ermitara igotzeko eskailerarako bidean dagoen plazatxoaren inguruetan kokatuta daude. Azken puntuan lehenengo laguntzetarako botika-kutxa bat egongo da, eta bertatik erregulatuko dira eskaileretako bisitari jarioak, tarte horretan pilaketak saihesteko asmoagaz.
Azken asteotan, ermitara igotzen diren
eskailerak konpontzeko obrak ere hasi diruzte. Lanak
etenda egongo dira uztailean eta abuztuan, oporraldian bisitarien joan-etorriari trabarik ez egiteko.
Autobus zerbitzu berezia. Datorren irailaren 30era arte, Aste Santuan egin zuen bezala, Bizkaibuseko A3517 linearen zerbitzu berri bat jarri du martxan aldundiak,
ordu erdiko maiztasunagaz iraileko zapatu-domeketan eta uztail eta abuztuko egun guztietan. Autobusak Bakiotik Bermeorantz irtengo dira 06:45etik 21:15era arte, jaiegunetan izan ezik; jaiegunetan 08:45 – 21:15 bitartean ibiliko dira. Bermeotik Bakiorantz, berriz, 07:40 – 20:40 bitartean (jaiegunetan, 09:10 – 20:40 bitartean).