Heldu dira sanjoanak, eta egun berezi horrekin batera eskualdeko hainbat herrik jaiei hasiera eman diete. Mundakan, esate baterako, atzo hasi zituzten herriko jai nagusiak..
Udalerriko Txilipitxeruek Kultur elkarteak antolatutako egitarauarekin, eguerdian bertso poteoa eginez herriko tabernetatik. Giro galantean ibili ziren bertaratutakoa, kantu eta tragoen artean. Poteoaren ostean, herri bazkaria egin zuten Mundakako udaletxeko aterpe azpian, hainbat lagun bilduz jaiak berotzen joateko, eta arratsaldean, umeentzako jolasak jarri zituzten, etxeko txikienek edarto pasatzeko.
20:00etan, kuadrilen jaitsiera egin zuten Basaranetik hasita, jaiei hasiera ezin hobea emanez. Hainbat kuadrila izan ziren bertan, musikagaz eta jai giroagaz herria alaituz. Jaitsieraren ostean, txosna gunean kontzertuez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, Primeros Auxilios eta Distorsion taldeen doinuekin. Kontzertuei bukaera emateko, erromeriak alaitu zuen gaueko festa giroa.
Jai girotik, kiroletara. Atzoko parrandaren ostean, gaur kirolekin hasi dute eguna mundakarrek. Aurten, umeak izan dira goizeko ekitaldiaren protagonistak, herritik bizikletan aritu baitira lasterketan. Lasterketa bukatu ostean, guztiek batera argazkia atera eta luntx txiki bat egin dute, baita parte hartzaile guztien arteko zozketa bat ere, hainbat ezusteko irabaziz. Ondoren, 12:30ean hasita, Paddle Surf Erronka egin dute Laidatxuko hondartzan.
Arratsaldean, gauza txarrak uxatu eta erreko dituzte mundakarrek. Sorginaren 60. urteurrena da aurten, eta hala, Sorgin Txikiaren su ematea egingo dute Errekan, 18:30ean, umeen dantzez lagunduz. Iluntzean izango da Sorgin Nagusia erretzeko unea, eta lehenik, herriko dantzariek dantza egingo diote Sorginari eta bere mozolo eta katu laguntzaileei, plazan. Hortik Talara joango dira eguneko ospakizunik handiena aurrera eramateko. Erretearen ostean, Last Fair Deal taldeak eskainiko du kontzertua plazan.
Oraindik baina, sanjoanak ospatuz jarraituko dute mundakarrek datozen egunetan.
EGITARAUA:
Gaur.
-18:30. Sorgin Txikiaren su ematea Errekan.
-20:30. Mundakako abesbatza Elizan.
Iluntzean, Sorgina plazan eta sua Talan. Ondoren, Last Fair Deal taldearen kontzertua, plazan.
Bihar, domekan:
-13:00. Sardinada txosna gunean.
-Arratsaldean, Gazte-Zar Dantza taldearen 50. urteurrenaren emanaldia plazan (Euria eginez gero, Isla Kale Kiroldegian).
Martitzena, ekainak 26:
-17:00. Bolillo erakustaldia plazan, eta
Gure baitan dantza eguzkia, iluna eta izotza Gorputz Adierazpen eta Dantza emanaldia Isla Kale Kiroldegian.
Eguaztena, ekainak 27:
Peluka-apar festa tematikoa.
-19:00. Aizkolari txapelketa txosna gunean.
-19:30. Tortilla txapelketa txosna gunean.
-20:00. Guito txapelketa berezia txosna gunean.