Pasealekuko proiektua aztertzeko asmoz,
bi egunetan batzartu dira Pasilekue Bizirik taldekoak, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño eta proiektuaren arkitektoa; martitzenean lehenengo, eta eguenean, ondoren. Bilera horiek
“oso positiboak” izan direla adierazi dute alde biek, eta batearen zein bestearen aldetik borondate ona dagoela jakinarazi dute.
“Giro ona egon da, eta guztiok hitz egin dugu argi. Proiektu on bat egitea litzateke onena, urteetan iraungo duena eta belaunaldi ezberdinentzat izango dena. Guztiok gara gernikarrak eta onena nahi dugu herriarentzat”, azaldu du Gorroñok.
Pasealeku proiektuari buruzko
parte hartze prozesu bat abiatu zuten duela 4 bat urte, eta ondorio batzuk atera zituzten hori eginda. Hala, horiek bermatu nahi ditu Pasilekue Bizirik taldeak, eta baita, guneak berak daukan izaera ere. “Ezberdinei eskua luzatu nahi” diote, eta egungo erabilera sustatu, “Pasilekue bizirik” nahi dutelako.
Alkateak, bere aldetik, azaldu du udalak ez diela trabarik jarriko parte hartze prozesuan atera zituzten ondorioei, eta hobetzeko helburuz, aldaketarik egin beharko balitzateke, egingo luketela, “betiere, araudia errespetatuz”.
Gorroñok argi dauka Pasealekua “leku enblematikoa eta garrantzitsua” dela, baina hondatuta dagoela nabarmendu du.
Proiektuari buruzko infografiak kaleratu ditu udalak oraintsu, eta kezka sortu dute herrian. Herriko alkateak argi utzi izan nahi du Pasealekuko
“arbola denak mantenduko” dituztela; “baten bat egoera txarrean ez badago, behintzat”. Gainera, udalak zuhaitz horien bizia bermatu nahi duela azpimarratu du. Jakitera eman du 2018ko aurrekontuan, esaterako, diru sail bat gorde dutela zuhaitz horiek ainguratzeko.
Lurzorua aldatzea ere aurreikusten du udalak: “Erabat hondoratuta dago. Gaur egun, asfaltozkoa da zorua, eta tenperatura altuetan, osasunerako onena ez diren produktu kimikoak igortzen ditu”. Hori horrela, dagoena kendu eta
harri granitikozko zorua jartzea aurreikusten dute, “guztiz horizontala eta desnibel gabekoa”. Inguruko argiztapena hobetzeko asmoa ere badu udalak, eta sarbidearena zehastasunez aztertuta dagoela nabarmendu du.
Infografiak ikusterakoan, Pasilekue Bizirik taldeak ikusi zuen “zentzu batzuetan ez zela bertako eguneroko biziarekin bateragarria”, eta, horregatik, “udalari eskua luzatzea” erabaki zuten. Orain, baina, “berri onekin” datozela diote; izan ere, “proiektuaren moldaketarako bidean” dira. Moldaketa horietarako, udal ordezkariez, herritarrez eta teknikoez osatutako
lan mahaia sortuko dutela jakinarazi dute. Aldaketa horiek zeintzuk izango diren oraindik landu egin behar direla aipatu dute, baina “herriaren eta Pasealekuaren onerako” izango direla nabarmendu dute. Adosten dituzten moldaketa horiek, gainera, publiko egiteko asmoa erakutsi dute, “adostasun hori bermatzeko”.
Atzo arratsaldean bildu ziren Pasilekue Bizirik taldekoak, udalarekin adostatutakoa zehazteko.
“Ezinegonekin etorri ginen, baina ikusi dugu ez gaudela elkarrengandik hain urruti. Guk baditugu proposamen batzuk, baina ikusi egin behar dugu ea teknikoki bideragarriak diren”.
Agerraldi masiboa. Atzo arratsaldean, Pasilekue Bizirik taldekoak batu ziren, herriari egindako batzarren berri emateko. Bertan adierazi zutenez, “pozik” daude proiektua “berraztertuko” delako, baita hasieratik hartu behar zen “partehartze bidean” daudelako ere, “gernikarren iritziak” eta “bere garaian adostutakoa”, kontuan hartzen direla ikusi dutelako.
Taldearen asmoa
pasealekuaren “izaera mantentzea” eta “bertako bizitza eta egiten diren jarduerak hobetzeko” proiektua adostea dela aldarrikatu zuten agerraldian, “lan mahaitik landutakoa herritarrekin partekatuz”, adostasuna dagoela “bermatzeko”.
Borondatea eta hurbilketa badagoela ziurtatuta, orain guztia formulatu beharra dagoela adierazi du Pasealekuko taldeak. Beste pare bat aldiz batzeko asmoa dutela iragarri dute; hurrengo bilera, esaterako,
eguaztenean egingo dute.
EH Bilduren mezua. EH Bilduk, bere aldetik, herria zoriondu nahi izan du, “guztiontzako Pasealekuaren defentsan erakutsitako kemenak bere fruituak eman dituelako, eta aurreko partaidetza prozesuaren ilusioa bizirik mantendu dutelako”.
Modu berean, “alkatearen eta udal gobernuaren jarrera aldaketaz” ere jardun dira: “Behingoz, amore eman, eta egitasmoak herriagaz batera burutzeari bidea ireki diolako”.
Halaber, parte hartze prozesuaren gauzatze fasea”ahalik eta zabalena eta anitzena” izatea nahi dutela adierazi zute; hartara, “guztion artean guztiontzako Pasilekua egin dezagun”.
Azkenik, ekimenean laguntzeko “prestutasun osoa” agertu, eta besteekin batera denon gustuko proiektua eraikitzeko gogoa erkutsi du EH Bilduk.