Euskara sustatzeko planaren laugarren batzarra egingo dute martitzenean, Gernika-Lumon
Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa moldatzeko laugarren batzar irekia egingo dute martitzenean Gernika-Lumon. Oraingoan, euskara elikatzera bideratutako hirugarren helburu estrategikoa aztertuko dute. Baita euskararen erabilera sustatzea helburu duen bigarren estrategiaren atal bat ere; aisia eta kirolari erreferentzia egiten diona.
Puntu horrek aztertuta, 2023. urterako irudikatu duten euskararen egoera lortzeko zer egin dezaketen eta zer falta den egitea zehaztuko dute. Euskara Batzordeak deitutako bilera 18:30ean egingo da Elai-Alai areto txikian, eta euskara batzordeko kideek herritarrak hurbiltzeko deia egiten dute, beste behin.
Hirugarren batzarra. 2023. urtean Gernika-Lumon euskararen egoera zelakoa izatea nahi zuten aztertu zuten hirugarren batzarrean, eta euskararen transmisioa burutzeko helburu estrategikoaren barnean, zenbait puntu zehaztu zituzten. Euskararen erabilera sustatzearen estrategiari ere erreparatu zioten, besteak beste arlo administratiboari eta arlo sozio-ekonomikoari erreferentzia egiten dizkieten puntuak.