Urtea joan ahala bizipenez betetzen da oroimena, eta bizipenek irakatsi egiten dute. Asko dira abenduan ikasitakoaren errepasoa egiten duten herritarrak; 12 hilabetetan hainbat gertakariri aurre egin ohi zaie eta. Urtebetean ikasitakoa asko izaten bada ere, 25 urtetan bizitakoak askoz gehiago dira.
Ez dira asko horrenbeste urtez lanean jarraitu duten elkarteak, baina, Xixili Gimnastika taldeak lortu du, eta emakumeen lana balioan jartzera iritsi da. Hori horrela, gaurkoan, ikasturtean ikasitakoa praktikan jarri dute taldea osatzen duten gimnasta guztiek; txikienetatik hasi eta nagusienetara arte.
Bakarkako ikuskizuna
Esperientzia gehiago edo gutxiago izan arren, gimnasta guztiak pozik aritu dira ekitaldian. Ordu bi inguru iraun dituen ikuskizunak herritarrak hunkitu ditu. Txaloz eta gogoz hartu dituzte gimnastak herritarrek, eta hauek denetariko ikuskizunekin erantzun diete. Soka, uztaila, pilota, mazoa eta zinta erabili dituzte bakarkako zein taldeko ariketetan, eta talde sendoa direla erakutsi dute beste behin.
Epaileen balorazioek ez dute tokirik izan Bermeoko Araneko kiroldegian, baina taldearen maila zein den argi geratu da. Izan ere, talde sendoa da Xixili Gimnastika taldea, eta hori agerian utzi dute gaur, zein Euskal Herriko eta Espainiako Txapelketetan.
Busturialdeko herri askotako ume eta gaztetxoak batzen ditu Xixilik, eta eskualdetik kanpoko kirolariak ere badira eta izan dira klubean. Guztiek dantzatu dute, eta emanaldi bukaeran, omenaldietarako txanda izan da.
Urte askotako lana. Ez da erraza 25 urtetan lanean jarraitzea, ez eta maila onenean gainera. 1993. urtean Andres Uriondo eta Bego Usandizagak eman zituzten taldearen lehen pausuak, eta eurak izan dira klubaren zutabe nagusietakoak. Usandizaga da egungo presidentea, eta hamazortzi urte daramatza karguan. Gaur, lan hori omendu dute, eta klubaren historian zer esana izan duten senar-emazteei taldearen historiaren liburua eman diete gimnastek. Haien lana goraipatu eta eskertu dute. Gainera, urte askotan entrenatzaile izan zen eta orain dela hiru urte zendu zen Macarena Milla ere gogoratu dute ekitaldian.