Organikoaren bilketan errefusa %5 izatea «eredugarria» dela diote
Astean 16.680 kilo organiko batzen dira, eta hortik %94,87 konpostagarria da. Bizkaian gehien bereizten duen eskualdea da Lea-Artibai. 91 sortzaile handi organikoa bereizten hasiko diraLea-Artibai Amankomunazgoak hondakinen kalitatea neurtzeko karakter...
Astean 16.680 kilo organiko batzen dira, eta hortik %94,87 konpostagarria da. Bizkaian gehien bereizten duen eskualdea da Lea-Artibai. 91 sortzaile handi organikoa bereizten hasiko dira
Lea-Artibai Amankomunazgoak hondakinen kalitatea neurtzeko karakterizazio ikerketa pasa berri du, eta datuak oso pozgarriak direla adierazi du. Astean 16.680 kilo organiko batzen dira, eta horretatik %94,87 konpostagarria da; errefusa soilik %5,13 da. «Errefusean kartoi, beira, plastikoa, metal eta brik poteak aurkitzen ditugu». Datu horien aurrean, organikoaren bilketan errefusa soilik %5 izatea «eredugarria» dela esan du Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoaren lehendakariak.«Bizkaian gehien bereizten duen eskualdea gara, eta ikerketa honi esker, gainera, badakigu ondo egiten ari garela», gaineratu du Eluk. Herritarrak ere zoriondu egin nahi izan dituzte. «Azpimarratu behar dugu organikoan topatu diren material ez konpostagarrien artean beste edukiontzietara bideratzeko materiala egon dela. Beraz, epe laburrean herritarrok ohiturak zaintzen baditugu, errefusaren maila jaistea espero dugu».
Era berean, herritar batzuek organikoa plastikozko poltsetan botatzen dutela esan dute, eta ez poltsa organikoetan. Horren harira, gogorarazi dute poltsa organikoak eskuratzeko makinak Ondarroan (udaletxeko beheko bulegoetan), Markina-Xemeinen (Artibai kalean) eta Lekeition (Merkatu Plazan) daudela. Horrez gain, gainerako herrietan udaletxean eskuratu ahal izango dira.
Astean hirutan
Gaikako bilketa edukitzen ari den emaitza onen ondorioz, Amankomunazgoa astean hirutan ari da organikoa biltzen; orain artean astean bitan jaso izan du.
Amankomunazgoak egindako kanpainari esker, 91 sortzaile handi hasiko dira organikoa bereizten. «Eskualdeko denda, taberna eta bestelako komertzioekin harremana egin eta gero, Berriatuan hiru dira parte hartuko duten sortzaile handiak, Etxebarrian bat, Lekeition 39, Markina-Xemeinen 16, Ondarroan 30 eta Ziortza-Bolibarren 2».
Dena dela, aurrera begira, 91 puntu berri horiekin Amankomunazgoak espero du gaikako bilketa datuak «asko hobetzea». Eta oraindik izena ematerik eduki ez duten sortzaile handiek Amankomunazgoaren bulegoetan egin ahal izango dute.