Harrera familien berotasunean
Bizkaiko Foru Aldundiaren Harrera Familien Progamak 20 urteko ibilbidea bete du. Gaur egun, 318 adingabe daude harrera familien etxeetan. Teknikariek 24 orduko arreta eskaintzen diete.Benetan ez zaizula sartzen sehaska bat etxean? Bizkaiko Foru Aldundi...
Bizkaiko Foru Aldundiaren Harrera Familien Progamak 20 urteko ibilbidea bete du. Gaur egun, 318 adingabe daude harrera familien etxeetan. Teknikariek 24 orduko arreta eskaintzen diete.
Benetan ez zaizula sartzen sehaska bat etxean? Bizkaiko Foru Aldundiak galdera horregaz egin zuen iaz Sehaska hutsak izeneko kanpaina, Familia Harrerako Programa ezagutzera eman, eta bertan parte hartzeko deia egiteko helburuagaz.«Harrera familia izatea ez da ume bat adopzioan hartzea», aldiro-aldiro errepikatzen den mezua da, baina jendartean ez da hain ezaguna. Era berean, bakarka zein bikoteka izan daiteke harrera familia. Umeak dituztenen kasua, gutxienez seme-alabarik txikienak 2 urte izatea da baldintzetako bat. Eta gehienetan, ume gazteena baino urte bete edo bi gazteagoa izaten da harreran hartuko duten umea.
Egun, 318 adingabe daude harrera familietan Bizkaian. Horietatik 218 euren senitartekoen etxeetan daude, eta 100 beste familia batzuetan. Bestalde, 475 adingabe daude aldundiaren turoretzapeko zentroetan.
Beti behar dira harrera familiak, eta interesa dutenek informazioa eskatzeko 94-447 07 37 telefono zenbakira deitu edo acogimientofamiliar@bizkaia.eus posta elektronikora mezua bidali dezakete.
Harrera familia izateko 25 urtetik gorakoa izatea oinarrizko baldintza da. Lau harrera mota daude: urgentziazkoa (gehienez sei hilabeterako), aldi baterakoa (gehienez bi urterako), iraunkorra edo etengabea (bi urtetik gorakoa) eta asteburuetako edo oporraldi garaikoa. Azken hori kasu gutxitan gertatzen da, eta, beharbada, ezezagunena da. Zentroetan dauden 10 urtetik gorakoei zuzenduta dago.
Baldintza ezberdinak
Motaren arabera baldintzak desberdinak dira. Adibidez, urgentziakoetan, 24 ordutan arreta eskaintzea eskatzen da, bai eta zaintzan edo hezkuntzan esperientzia edukitzea ere. Familiak poltsa edo zerrenda batean daude, eta edozein momentutan deitu diezaiekete esanez ume bat datorrela. «Ospitaletik zuzenean datorrelako edo etxean egoera larriren bat ikusi eta momentuan atera behar delako. Ez dago plangintza bat egiteko astirik; momentuko gauza da».
0-3 urte arteko haurrak daude mota horretan. Familia bakoitzak, gehienez, sei hilabetez edukitzen du umea etxean. «Gehienetan, ospitaletik irtetzen diren ume jaioberriak dira». Epe hori pasatuta, aldundiak erabakitzen du zein den neurririk egokiena umearentzat: familia biologikoarengana bueltatzea edo harreran jarraitzea, baina aldi baterako edo iraunkorreko harrera familia bategaz.
3-11 urte artekoak aldibatekoak edo iraunkorrak diren harrera familietan daude. Iraunkorrean daudenen kasuan, adinez nagusi izan arte egon daitezke familia berean. «18 urtera arte aldundiak hartzen du erabakia; non bizi behar den eta zeinegaz egon behar den. 18 urtetik aurrera eurak dira euren buruen jabe, eta gehienek dauden tokian jarraitzea aukeratzen dute, eta horrela ez bada ere, normalean, harremana izaten jarraitzen dute».
Harrera familia izatea erabakitzen duten familiek prozesu bat burutu behar dute. Lehen pausoa telefonoz informatzea izaten da. Ondoren, hitzaldi batean parte hartzen dute azalpen zehatzagoak hartzeko.
Formakuntza
Aurrera jarraitzea erabakiz gero, balorazio prozesua hasten dute. Horretan, gizarte langileekin pare bat elkarrizketa egin, eta beste bizpahiru saio egiten dituzte psikologoagaz. Ostean, lau bat saiotan formazioa eskaintzen diete; lau bat astez, astean arratsalde batez. Era berean, harrera familien etxeetara joaten dira teknikariak.
Saio eta bisita horietan bildutakoagaz eta ikusitako guztiagaz osatzen dute balorazioa. «Harrera familia izateko egokiak diren edo ez aztertzen da, eta aldundiari balorazioa igorri eta aldundiak berronetsi behar du».
Lauzpabost hilabeteko prozesua izaten da. Elkarrizketa batetik bestera hamar bat egun-edo pasatzen dira. «Familiei informazio asko ematen zaie, eta dena barneratzen joateko, hausnartzeko denbora behar dute; barrua asko mugitzen zaie».
Ondoren, egokitzapenerako unea ailegatzen da. Hau da, apurka-apurka harrera familiak eta umeak elkar ezagutzea, elkarbizitza hasi aurretik. Gizarte hezitzaile gehienak esku hartzeko taldean daude. Eta balorazio prozesua gaindituta, egokitzat jo dituzten familiak poltsa batean sartzen dira. Halaber, harrera familietan egoteko egokiak direnenen zerrenda ere badute.
Hiru parteekin lan egiten dute aldundiaren Harrera Familien Programako teknikariek: umeekin, familia biologikoekin eta harrera familiekin. Harreman estua dute. Profesional horiek orientazioa eskaintzen diete. Esate baterako, bikoteen kasuan, gutxienez urtebete elkarregaz bizitzen egon eta gero programagaz hastea gomendatzen diete. «Teknikoki ematen ditugun aholkuak dira, gero prozesua hobeto irteteko».
«Ume bat harreran hartzeak denean eragiten du, dena aldatzen du, egunerokotasuna nahasten da zelanbait. Beraz, arlo guztietan egonkortasun bat izatea ezinbestekoa da: ekonomikoa, etxebizitza… Funtsezkoena emozionalki ondo egotea da».
Zerotik hasten dira. Lehen pausoa egokitzea, moldatzea da. Geldika-geldika zelan landu umea etxebizitza horretara bizitzen joatea. Umearen erritmoa errespetatzen da. Euren berezitasunen araberako prozesua da; ondo egokitzen doazela ikusi arte ez dira elkarbizitzara pasatzen. Adinaren arabera, bere istorioaren, izaeraren… araberakoa da prozesua.
Umeak aldundiaren zentroetik edo euren etxeetatik joaten dira harrera familien etxeetara. Gizarte hezitzaileak saiatzen dira familia biologikoak zuzenean baimena ematea umea harrera familiagaz bizitzera joateko. «Familia biologikoak zenbat eta errazago ipini, umea hobeto egongo da. Baimena duela sentituko du eta ez du leialtasun gatazkarik edukiko, edo, behintzat, gutxiago izango du ikusten badu gurasoak eta harrera familia momentu batzuetan behintzat elkarregaz egon litezkeela».
Bisitetan umeek ahalik-eta egoera normalena bizi dezaten saiatzen dira teknikariak. Programaren egoitzetan edota kalean elkartzen dira, eta teknikariak egoten dira eurekin. «Hasieran, beti egoten gara; prozesua aurrera joan ahala, bisita ikuskatuetatik bitartekoetara pasa litezke. Hau da, umea utzi eta batzera mugatzen dira. Eta gero, bisita librea deritzona dago».
Umeen bisiten aurretik, ordu erdiz egoten dira teknikariak guraso biologikoekin, bisita prestatzen. Ostean, ordu bete edo pare bat orduko bisitak egiten dituzte. Bukaeran, harrera familia umearen bila datorrenean ahalegintzen dira denak elkarrekin une batez egotea, bost bat minutu badira ere. «Umeak zenbat eta normaltasun handiagoagaz bizi, umearentzat askoz hobea da».
Urgentziazko kasuetan familiek ez dute elkar ezagutzen; aldi baterako eta iraunkorretan bai.
Egokiena eta onuragarriena
Nerabeak etxera eroateko prest dauden familiak aurkitzea oso gaitza izaten dela azaldu dute Harrera Familien Programako kideek. Neba-arreben kasuan, irizpidea ez banatzea da: «Baina, banatzen ez badira, seguruenik ez dira harrera familia edukitzera ailegatuko». Anai-arrebentzat harrera familiak topatzea oso gaitza da; edo biak geratzen dira aldundiko zentroan, edo familia banatara doaz. «Sarritan gerta zaigu banatu behar izatea. Kasu horietan harremana lantzen eta mantentzen saiatzen gara, eta familia biologikoko bisitetan elkarrekin egon daitezen. Argi dugu beti eurentzat egokiena eta onuragarriena dena aukeratzen dugula. Ideala neba-arreba denak elkarregaz familia berean egotea da, baina erreala ez da».
Kasu bakoitzean jarraipena egiten duen teknikari bat dago, familiari babesa, laguntza eta orientazioa ematen diona. Gainera, 24 ordutan dago teknikariren bat arreta emateko, edozer gertatuz gero, laguntzeko. Programako ume eta gaztetxoak euren familietara itzultzea da idealena, eta horretarako lan egiten dute alde guztiek. Kasu askotan, baina, ez da posible izaten.
20 urteko ibilbidea bete du programak. Iazko kanpaina orain arteko arrakastatsuena izan da. Ordutik, 865 dei jaso dituzte, eta horietatik 278 familia informazio hitzaldietara joan dira. Kanpainak kanpaina, datuak datu, garrantzitsuena umeei babesa ematea da; familia baten berotasuna eskaintzea.