Gustukoa izan ala ez, Telstar 18 izendatu duten objektu esferikoak aginduko du hurrengo hamabostean gure planetan. Mundu xumea osatzen dugun gehienok Errusian gertatzen denari erreparatu bitartean, non nahi sakabanatuta dauden pertsonaia makiavelikoek bereak eta bi egiten emango dute denbora. Gauzak horrela, mundu ero honen jira-bira etengabean murgilduta, nahi ez genituzkeen gertaerak ikusten jarraituko dugu. Izan ere…
Mundiala delako, 7.500.000.000 arimatik gora garen mundu zabaleko biztanleok, ipar amerikarrek hautaturiko alproja ilehori baten erabakien giltzapean bizitzea.
Mundiala delako suntsipenaren mugan jarri dugun planeta honetako ur zabalean urtean 8 milioi tona plastiko izurtzen ditugula irakurri eta espainiar estatuko turismoak besteak beste, horretan zeresan ikaragarria duela ezagutzea.
Mundiala delako herri aurreratu eta solidario baten leloa saltzen duen Europar Batasunak, Mediterraneo itsasoan zehar noraezean dabiltzan 629 lagun gizajoen egoera zein den ikusi, eta haien zein Afrikar kontinentean dauden beste askoren egoera latza konpontzeko ezer ere ez asmatzea.
Mundiala delako 70 urte eta gero israeldar eta palestinarren arteko gatazkari irtenbiderik aurkitu izan ez izanagatik 50.000 hildakoetatik gora zenbatzea.
Mundiala delako 1996. urtean agintera igo geroztik kutxa publikoa hustuz ibilitako Alderdi Popularra 2018. urte arte auzipetu ez izana.
Mundiala delako, sistema ekonomikoak sortutako krisiak pentsiodunek izerdiz aurreztutakoa jan izana.
Mundiala delako, egunero bizitzak salbatzen dabilen neurologi edo bihotzeko zirujau batek beste espezialitate batzuek bete behar duten oposaketa prozedura berbera gainditu beharra.
Mundiala delako, ekainak 10ean Gure esku dago egunean demokrazia aho betez aldarrikatzera plazaratu ziren alkate askok, norbere herrian hauteskunde batzuen ondorioz hautatua izan zirela aitzakia jarrita, erabaki autoritarioak hartzen ikustea.
Mundiala delako, pasa berri dugun negu zein udaberri gogorra eta gero, uda euritsu baten mehatxuarekin egunero jaiki beharra.
Mundiala, mundu zoro hau.