Bost eguneko emanaldi sorta dakar Musikaiaren V. Aste Musikalak
Musika tresna ezberdinez osatutako taldeek parte hartuko dute kontzertuetan. Ikusleek izaten dituzten toki arazoak konpontzeko gonbidapenak emango dizkiote ikasle bakoitzariIkasturtean landutako guztia kalera aterako du datorren astean Lekeitioko Musik...
Musika tresna ezberdinez osatutako taldeek parte hartuko dute kontzertuetan. Ikusleek izaten dituzten toki arazoak konpontzeko gonbidapenak emango dizkiote ikasle bakoitzari
Ikasturtean landutako guztia kalera aterako du datorren astean Lekeitioko Musikaia Musika Eskolak aurten bosgarrenez ospatuko duen Aste Musikalaren baitan. Hiru egunetik bostera luzatu dute, gainera, oraingoan, emanaldi sorta. Izan ere, ikasle kopuruaren igoera dela eta, hiru egun nahikoa izango ez ziren beldurragaz, ekitaldia aste osora zabaltzea erabaki dute Musikaiako zuzendariek. 300 ikasle ditu gaur egun, Lekeitioko musika eskolak.Musikaia Musika Eskolako zuzendariek azaldu dutenez, musika tresna ezberdinez osatutako taldeek parte hartuko dute ekainaren 18tik 22ra eskainiko dituzten kontzertuetan, eta abestiei dagokienez, orotarikoak izango dira, taldearen arabera. Lekeitioko hainbat gune izango dira Aste Musikalaren agertoki. Hala, kultur etxeko Azkue aretoan, Ikusgarri zinema aretoan eta udaletxe aurreko eskaileretan ere egongo dira emanaldiak. Astelehenean musika tresnetako lehen urteko ikasleen kontzertua emango dute, martitzen eta eguaztenean konbo ezberdinak, eguena koru eta abesbatzen eguna izango da, eta barikuan rock konboek hartuko dute txanda.
Toki gutxi
Urtero bezala, ikusleen lekuagaz izaten dituzten arazoak konpontzeko, ikasle bakoitzari gonbidapenak banatuko dizkiotela jakitera eman dute Musikaiako zuzendariek. «Soberan geratzen diren sarrerak euro batean egongo dira salgai, eta egun bakoitzean egun horretakoak erosi ahalko dira bakarrik».
Astelehenekoak 18:00etatik 18:30era salduko dituzte kultur etxeko atarian, eta martitzen, eguazten, eguen eta barikukoak, 18:00etatik 18:30era, Ikusgarri zinemako leihatilan. «Eguenean ona balego ez litzateke sarrerarik beharko, baina txarra balego Ikusgarrin egongo lirateke gonbidapenen soberakinak». Musikaiako arduradunek eskerrak eman dizkiote Lekeitioko Udalari Aste Musikala burutzen laguntzeagatik, bai eta gurasoei ere, «urte guztiko lana aurrera eraman ahal izateko ahalegina egiteagatik».