Afrikaraino elkartasunez betetako maletak
Born to Learn GKEk Tanzaniako Moshi herrian duen eskolan errefortzuzko lanak egiten laguntzera doaz Olatz Betanzos eta Irati Etxaniz. Material bilketa egiten dabiltza Muxikako Zubieta Errotan.Ezinbestekotzat hartzen ditugun beharrizanen artean, hezkunt...
Born to Learn GKEk Tanzaniako Moshi herrian duen eskolan errefortzuzko lanak egiten laguntzera doaz Olatz Betanzos eta Irati Etxaniz. Material bilketa egiten dabiltza Muxikako Zubieta Errotan.
Ezinbestekotzat hartzen ditugun beharrizanen artean, hezkuntza da oinarrizkoenetarikoa. Ez da, baina, ohikotzat hartzen den kontzeptua Afrikako zenbait herri zein hirietan, Tanzanian kasu. Horren aurrean, hezkuntza premia asetzeko eta gaitasun ekonomikoa ez duten familiei laguntzeko prest agertzen dira askotan norbanakoak eta erakundeak.Tanzaniako Moshi herrian eskola publikora joateko beharrezko baliabide ekonomikoak ez dituzten familia ugari daude. Hori ikusita, 2011. urtean Moshin hezkuntza jasotzeko baliabideak ez zituzten familei laguntzeko sortu zen Born to Learn gobernuz kanpoko erakundea.
Erakunde horregaz lanean egongo dira uda honetan Irati Etxaniz eta Olatz Betanzos Busturialdeko gazteak; uztailaren 19tik abuztuaren 10era arte egongo dira Tanzanian. Busturialdetik elkartasun besarkada eramango dute Moshira, eta errefortzu modura lanean ariko dira erakundeak sortutako eskolan. Etxanizen eta Betanzosen berbetan, Moshi eta inguruko herrietako umeek «hezkuntzarako eskubidea» izatea da erakundearen helburu nagusia.
Tanzanian 12 urtetik aurrerako gazteei ingelesezko ezagutza eskatzen dietela azaldu dute Etxanizek eta Betanzosek, baina ezagutza hori familia dirudunek soilik izan dezaketela gehitu dute. Izan ere, 6. mailara arte, suahiliz ikasten dute bertako eskoletan. Horregatik, Born to Learn GKEk elebiduna den eskola sortu zuela esan dute, eta eskolako umeentzako «etorkizun oparoa bermatzeko» asmoagaz joango direla azaldu dute.
Tanzaniara joateko gogoa orain bi urtetik izan duela aitortu du Betanzosek, eta aurten pausoa eman duela. Etxanizek azken momentuan erabaki zuen joatea, Betanzosek ea «animatzen» zen galdetu zionean.
Irakatsi baino gehiago ikasi egingo dutela uste dute biek: «Heldutasuna hartzeko eta gauzetaz kontzientzia askoz handiagoa izateko balioko digu». Gogotsu daude esperientzia aprobetxatzeko, hala ere, beldur «apur bat» dutela diote.
Uztailaren 19 seinalatutako eguna da muxikarrarentzat eta gernikarrarentzat, elkartasunez beteta Moshira joango baitira boluntaritza lana egitera. Denbora laburrean bizipen asko izango dituzte, eta horiek bizitzeko desiatzen daude.
Elkartasun handia
Moshi herriko eskolarako material bilketa egiten ari dira Betanzos eta Etxaniz Muxikako Udal Liburutegian; uztailaren lehen astera arte egingo dute bilketa. «Beharrezkoa den materiala batzen gabiltza, baita hezkuntzara eta medikuntzara bideratuko den dirua ere». Botiletako tapoiak bildu dituzte, baita eskumuturrekoak eta lepokoak saldu ere; oraindik materiala emateko eta erosteko aukera dago.
«Material bilketa bukatzen denean, falta den materiala erosiko dugu», adierazi dute; izan ere, talde batzuek horretara bideratzeko dirua eman diete.
Harrituta geratu dira jasotako elkartasun eta interes guztiagaz: «Auto guztia tapoiz eta materialez beteta daukagu. Ez genuen espero horrelako kolaborazio handia, bakoitzak ahal duena eman du, eta oso eskertuta gaude». Guztia maletan sartu eta Tanzaniara eramango dutela aitortu dute, gainera.
Sukarrietako udalekuei, Busturiko eskolari, Muxikeko Andrak antzerki taldeari, Muxikeko Guraso Elkarteari, herriari berari eta elkartasuna adierazi duten norbanako guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete.