Eskola eta Udal Foroak egingo dituzte bihar, Bermeon

Udalerriko ikastetxe guztietako ordezkariek hartuko dute parte saioetan. Eskola 21 ekimenaren baitan egingo dituzte ingurumen alorreko foroak

Ingurumena ardatz hartuta, Bermeoko ikastetxeetako ordezkariek Eskola eta Udal Foroak egingo dituzte, bihar goizean, Gizarte eta Kultura etxean, Eskola 21 ekimenaren baitan.

Bermeoko Udalak azaldu duenez, udalerriko ikastetxe guztietako, hau da, Herri Eskolako, Eleizalde Ikastolako eta Sagrado Corazoneko ikasle zein irakasleek ikasturtean ingurumenaren alorrean egin duten lana udalari aurkeztea eta euren proposamenak udalari luzatzea da foroak ospatzearen helburua. Aurten jorratuko dituzten gaien artean, besteak beste, gosari eta hamaiketako osasuntsuak eta pipa azalen eta txikleen kanpaina daude.

Eskola Foroa 11:00etan hasi eta 12:00etara arte egingo dute. Bertan, ikastetxe guztietako guraso, ikasle eta irakasleen ordezkariek beraien ikastetxeetan ingurumenaren arloan eta aipatutako gaien inguruan egindako lana partekatuko dute. Horren ostean, Udal Foroa egingo dute 13:00ak arte. Idurre Bideguren Bermeoko alkateari, Irune Ormaetxea Ingurumen zinegotziari eta udal ordezkarieri harrera egingo diete Eskola Foroko partaideek, eta aurreko saioan prestatuko duten aurkezpena azalduko diete.

Saioak amaituta, iradokizun eta elkarrizketaren txanda helduko da. Bermeoko Udalaren esanetan, oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek ingurumena zaintzearen alde hartzen duten konpromisoa, jasangarritasunaren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten.

Foroei bukaera emateko, saioetan parte hartuko dutenek talde argazki bat aterako dute, eta Bermeoko produktuen dastaketa txikia ere egingo dute.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend