Ekainaren 18rako pentsio duinak eskatzeko manifestazioa deitu dute
Busturialdeko pentsiodunek beraien eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute Gernika-Lumon. Astelehenerako 12:00etan jarri dute hitzordua, udaletxe aurreanBusturialdeko pentsiodunek pentsio duinak aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute ekainaren 18...
Busturialdeko pentsiodunek beraien eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute Gernika-Lumon. Astelehenerako 12:00etan jarri dute hitzordua, udaletxe aurrean
Busturialdeko pentsiodunek pentsio duinak aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute ekainaren 18an, Gernika-Lumon. Pentsiodunei, gazte zein helduei, norbanakoei eta alderdi politiko eta sindikatuei parte hartzeko deia egiten diete.Hurrengo asteleheneko manifestazioa 12:00etan hasiko dute Gernika-Lumoko udaletxe aurrean, eta kalez kale ibili ondoren, Merkatu Plazan bukatuko dutela jakinarazi dute Busturialdeko pentsiodunek, plazako inguru hori gernikarrentzat zein ingurukoentzat esanguratsua delako.
«Adinean aurrera goazenok ondo dakigu asunak eta sasiak bakarrik datozela; eskubideak eskubide izan arren, askotan borrokatu egin behar da horiek lortzeko», aitortu dute. Gainera, beraien aldarria ez dela mugatu eta ez dela mugatuko esan dute. Horrela, gero eta nabarmenagoa den pentsio sistema pribatuaren kontra daude Busturialdeko pentsionistak: «Sistema horren defendatzeak ahal dutenen eta ezin dutenen arteko tartea handitzea dakar, baita sozialki herritarrak banatzea ere».
Horregatik, herritarrei mobilizazioetara hurbiltzeko deia egin diete pentsiodunek, eta borroka hau ez dela euren arazoa bakarrik adierazi dute.
Elkarretaratze eta mobilizazioetan indartsu agertzea «beharrezkoa» dela adierazi dute, eta hori egin ezean, hurrengo pentsiodunak «makalago» biziko direla esan dute.
Pentsiodunen aldarria
Borrokatzen diren guduak bakarrik irabaz daitezkeela esanda, beraien eskubideen alde elkartu izan dira pentsiodunak astelehenero Gernika-Lumoko udaletxe aurrean. «Elkarretaratzeen ibilaldian eten bat egingo dugu astelehenean, eta eten horretan egingo dugun manifestazioa gure aldarrikapenak oraindik eta ozenago entzun daitezen burutuko dugu».
Hori esanda, beraien eskaerak gogoratu dituzte pentsiodunek. «Zurrumurruak zurrumurru» azken urteetan egin den aldaketa bakarra pentsioak %0,25 igotzea izan dela adierazi dute pentsiodunek, eta igoera hori ez dela nahikoa esan dute. Horren aurrean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa edukitzea eskatuko dute beste behin.
Gainera, asteleheneko manifestazioan, KPIaren igoera, pentsio duinen bermatzea eta Euskal Herriko berezko pentsio sistemaren aldeko aldarria egin nahi dutela esan dute.
Astelehenean burutuko den manifestazioaren ostean, urriaren 1era arte ez dituztela elkarretaratze gehiago egingo esan dute: «Atseden hartzera goaz; oporrak, besteak beste, seme-alabei laguntza eskaini beharra daukagu eta».
Indarragaz bueltatuko direla esan dute pentsiodunek: «Indartsu gaude, eta arrazoia daukagu. Urriaren 1ean berriro bueltatuko gara kalera, eta gure arduradunek entzun egin beharko gaituzte; eskaerak errealitate bihurtu arte, inolako konplexurik gabe».