Bermeoko
Izaro Sub urpeko taldeak antolatu du auzolana, eta portua
azalean kostaldean eta
itsaspeko hondoan garbituko dute.
Horrela,
bi helburu betetzea bilatzen dute: alde batetik, portuko itsas hondakinak garbitu eta baztertu nahi dituzte, eta bestetik, herritarrak arazo larri horretaz ohartaraztea, sentsibilizazio kanpaina modura.
09:00etan finkatu dute garbiketa lanak hasteko ordua,
Bermeoko Portuan bertan. Laguntzen hurbiltzen diren boluntarioek, garbitzeaz gain,
hainbat jarduera egiteko aukera izango dute: umeek beraiei zuzendutako jokoez gozatu ahalko dute, eta adin guztiei zuzendutako material didaktikoa ere egongo da. Ez hori bakarrik, boluntarioek auzolanean parte hartu ondoren indarrak berreskuratzeko
luntx bat dastatzeko izango dute, eta gainera, kamiseten eta hainbat ezustekoren
zozketak egingo dituzte.
Iaz egindako auzolana, Bermeoko Portuan. Argazkia: Bermeoko Udala
Garbiketa lan horiek
Libera Proiektuaren
1 m2 por la naturaleza izeneko jardueraren barne kokatzen dira, SEO/Birdlifek Ecoembesekin bultzatutakoa. Kostako
23 leku ezberdinetan aldi berean egingo den itsaspeko hondoen garbiketa bat izango da. Bermeoko Izaro Sub urpeko taldeak ekimena antolatzeko hainbat erakunde eta elkarteren laguntza izan du: besteak beste, aipatutako SEO/Birdlife eta Ecoembes, Bermeoko Udala, EKP, Bilboko Portuak, Olatu.net,Ur Riders, Surfrider, Campos, MB 2000 edota Bermeo Print.
Ez da halako auzolana Bermeon egiten duten lehen aldia. Antolatzaileek gogoratu dutenez, joan den
azaroan ere antzeko garbiketa lanak egin zituzten Bermeoko Portuan.
35 boluntario inguru hurbildu ziren auzolan horretara, zabor pila batuz eta giro polita sortuz. Hortaz, lortu zuten balorazioa
“oso positiboa” izan zela nabarmendu dute.
Auzolan horien garrantzia ikusita, ekimenaren antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte garbiketa lanekin laguntzeko hurbiltzera eta parte hartzera, ingurumena “zaintzeko eta aldi berean ondo pasatzeko aukera paregabea” izango baita zapatuan Bermeoko portuan.