Busturialdeko pentsiodunek pentsio duinak aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute ekainaren 18an Gernika-Lumon. Pentsiodunei, gazte zein helduei, norbanakoei eta alderdi politiko eta sindikatuei
parte hartzeko deia egiten diete.
Ekainaren 18ko manifestazioa
12:00etan hasiko dute Gernika-Lumoko
Udaletxe aurrean, eta kalez kale ibili ondoren Merkatu plazan bukatuko dutela jakinarazi dute Busturialdeko pentsiodunek: “Plazako inguru hori esanguratsua da Gernikarrentzat eta ingurukoentzat”.
Pentsiodunen prentsaurrekoa, Kultur Etxean
“Adinean aurrera goazenok ondo dakigu asunak eta sasiak bakarrik datozela; eskubideak eskubide izan arren, askotan borrokatu egin behar dira horiek lortzeko”, aitortu dute. Gainera, beraien
aldarria ez dela mugatu, eta ez dela mugatuko esan dute. Hori horrela, gero eta nabarmenagoa den pentsio sistema pribatuaren kontra daude Busturialdeko pentsionistak: “Sistema horren defendatzeak ahal dutenen eta ezin dutenen arteko tartea handitzen dakar, baita sozialki herritarrak banatzea ere”.
Horregatik
herritarrak mobilizazioetara hurbiltzeko deia egiten dute pentsiodunek, “hau ez da pentsiodunon arazoa bakarrik”. Indartsu agertzea “beharrezkoa” dela adierazi dute, hori egin ezean, hurrengo pentsiodunak makalago biziko direla esanez.
Pentsiodunen aldarria. Borrokatzen diren guduak bakarrik irabaz daitezkeela esanda, beraien eskubideen alde elkartu dira astelehenero Gernika-Lumoko udaletxe aurrean pentsiodunak. “Elkarretaratzeen ibilaldian eten bat egingo dugu, eta eten horretan egingo dugun manifestazioa
gure aldarrikapenak oraindik eta ozenago entzun daitezen burutuko dugu”.
Hori esanda, beraien eskaerak gogoratu dituzte. Azken urteetan egin den aldaketa bakarra pentsioak %0,25 igotzea izan dela adierazi dute pentsiodunek, eta horren aurrean,
1080 euroko gutxieneko pentsioa izatea
eskatuko dute beste behin. Gainera, asteleheneko manifestazioan, KPIaren igoera, pentsio duinen bermatzea, eta Euskal Herriko pentsio sistema propioaren aldeko aldarria egin nahi dutela esan dute.