Askatasunaren aldeko herri duin bat eskatzeko batu dira Gernikan
Maulen, Amaiurren, Tolosan, Elgetan eta Gernika-Lumon batu dira herritarrak. «Herri borroka» indartu nahi dute Euskal Herriak Askatasuna taldekoekAskatasunaren aldeko herri duin bat eskatzeko elkarretaratzea egin zuten zapatuan, Gernika-Lumoko Juntet...
Maulen, Amaiurren, Tolosan, Elgetan eta Gernika-Lumon batu dira herritarrak. «Herri borroka» indartu nahi dute Euskal Herriak Askatasuna taldekoek
Askatasunaren aldeko herri duin bat eskatzeko elkarretaratzea egin zuten zapatuan, Gernika-Lumoko Juntetxearen aurrean. Euskal Herriak Askatasuna taldekoek herrialdea ekialde- tik mendebaldera zeharkatu zuen mobilizazioa antolatu zuten. Mauletik hasita, Amaiur, Tolosa eta Elgetatik igaro ziren, eta Gernika-Lumon egindako elkarretaratzeagaz bukatu zuten ekimena.Egindako ibilbidean, beraientzako «sinbolikoki esanguratsuak» diren hainbat herri zeharkatu nahi izan zituzten: «Gernika ikur berezi bat da euskaldunontzat, bai zuhaitzagatik eta baita ere 1937an jasandako bonbardaketagatik».
Zatiketa administratiboen gainetik «herri bakar bat» dagoela nabarmendu eta «duintasun beharra» azaleratu zuten taldeko kideek.
Juntetxearen aurrean bilduta, Euskal Herriak ez duela «ziklo estatalista berririk» behar aldarrikatu zuten Euskal Herriak Askatasuna taldeko kideek. Haien berbetan, «nortasun propioko nazioa den Euskal Herriari ez zaizkio bere naziotasuna eta eskubideak onartzen». Hori ez eze, alderantzizkoa gertatzen dela gehitu zuten; «frantziar eta espainiar naziotasunak inposatu eta autodeterminazioa ukatzen digute».
Altsasuko gazteen auzia aipatu zuten adibide modura: «Militarki okupaturik bizi gara, eta okupatzaileek euskaldunak jazarri eta bahitu egiten dituzte beraien interesen arabera».
Estatutu «baskongadoa» Moncloan egosi, eta aberria zatitu eta saldu zutela salatu zuten Gernika-Lumon.
Egin beharrekoak
Egoera horiei guztiei aurre egiteko, «herria eta herri borroka indartzea» beharrezkoa dela esan zuten deitzaileek, eta indar harreman aldaketa gauzatzeko «pausoak eragitea» herritarren esku dagoela aldarrikatu zuten: «Ikuspegi estrategikoagaz eta ausardiagaz jokatu behar da horretarako».
Horren harira, nazio askapen borroka indartzeko, euskal langileriaren eta sektore herrikoien borrokaren bidea jarraitu behar dela esan zuten.