Erasmus + proiektua: esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera bikaina
Barrutialde institutuan Erasmus+ programan parte hartzeko aukera eskaintzen diegu bertoko ikasleei; aurten, esaterako, bost ikaslek hartu dute horren aldeko hautua. Fabrikazioko Diseinu Industriala Goi mailako zikloko ikasle Asier Zabala eta Gorka Uria...
Zabala, esaterako, beti izan da atzerrira joateko gogotsu; beste kultura batzuetan lan nola egiten duten ikusteko, nola bizi diren jakiteko, zein ohitura dituzten ezagutzeko… Hori horrela, Erasmus + programan parte hartzea erabaki zuen, esperientzia berriak bizitzekotan. Krakoviara joatea egokitu zitzaion, hiru hilabetetarako.
Lanbide Heziketa burutzeko beharrezkoak dituzten praktikak egiten dituzte atzerrian Erasmus + proiektuan parte hartzen dutenek, eta Zabala oso gustura aritu da lanean. Ikasteko aukera ere aprobetxatu du, eta bertan lanean geratzeko aukera ere eman diote.
Uriartek ere, betiko ohituretatik ihesi, mundua ezagutzeko erabakia hartu zuen, institutuak emandako «aukera erraza» baliatuta. Varsovia egokitu zitzaion berari, hiru hilabeterako. Tarte horretan, gustura jardun da lanean.
Hasiera batean Polonia herrialdeak bere arreta beraganatu ez bazuen ere, bere edertasunaren jabe, pozik bueltatu da etxera gernikarra, «oso esperientzia positiboa» bizi izan duela ziurtatuta.
Aisialdiaz gozatzeko beta
Izan ere, lan egiteaz gain, aisialdiaz gozatzeko beta ere izaten dute ikasleek. Bidaiatzeko eta mundu osoko jende mordoa ezagutzeko aukera bikaina da.
Programan parte hartuta, mundua beste begi batzuekin ikusten dela dio Uriartek, eta era pertsonalean zabaltzeko eta pentsaera aldatzeko ere balio duela uste du Zabalak.
Biek ala biek esperientzia ona eta aberasgarria bizi izan dutela aitortu dute, eta errepikatuko luketen zalantzarik ere ez daukate. Hala, beldurrak albo batera utzita, programan parte hartzera animatu dituzte gainontzeko ikasleak: «Bueltarako hegazkin txartela badaukazu, eta bertokoak toki berean eta egoera berean jarraitzen du».