Herriko gazte eta ez hain gazteentzat urteko hitzordu berezietako bat bihurtu da
Muxikeko Gazte Egune.
Bederatzi urteko ibilbidea bete du jaiak, eta aurreko urteetan legez, atzo ere giro itzela sortu zuten San Roman auzora bertaratutakoek.
Paellak egiteko aitzakian, kuadrilletan batu eta egun pasa ederra egin zuten. Zortzi paella aurkeztu zituzten txapelketara, eta lau zenbakiduna izan zen epaimahaikoen ustez onena. Pernillaren zozketa ere egin zuten, eta 189 zenbakiaren jabeak eroan zuen etxera. Euria ez zen oztopoa izan, eta egunak aurrera egin ahala giroa berotzen joan zen.
Eguerdian,
EinGOren doinu herrikoiez,
Baso Txoritxu taldekoen dantzez eta L
urdes Ondaro, Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategiren bertsoez gozatu zuten ume, gazte zein helduek. Bazkalostean, berriz, mus txapelketa eta kuadrillen arteko olinpiadak egin zituzten.
Beste behin, askotariko probak gainditzeko ahaleginean barre algara itzelak egin zituzten parte hartzaileek zein ikusleek. Zazpi taldek izena eman zuten, eta denen artean Kanarias taldea izan zen abilena.
Gauean gaztez bete zen zelaia. Lau talde bizkaitar oholtzaratu ziren.
Tooth talde gernikarrak hasi zuen musika festa. Jarraian, Barakaldoko
Revolta Permanent igo zen agertokira.
Alex Sardui Gatibu taldeko abeslaria, Urrats erromeriagaz.
Ondoren
Dientes de Luna talde gernikarraren txanda izan zen, eta gaua borobiltzeko ardura Getxoko
Urrats erromeriak izan zuen. Erromeria amaituta ere egunak argitu arte dantzan egiteko aukera izan dute Kool Things-en eskutik.