Eskola bide seguru, jasangarri eta autonomoaren aldeko astea egingo dute Gernika-Lumon
Datorren astean, ekainaren 11tik 15era bitartean, Eskola Bidearen astea egingo dute Gernika-Lumon. Hori burutzeko beharrezkoa izan da aurton ere guraso, ikastetxe, osasun sare eta udalaren arteko elkarlana eta koordinazioa.
Orain arte ikusitakoagaz antolatzaileek uste dute horrelako ekimenak egitean, “eskola bidearen erabilerak gora” egiten duela. Hala ere, gero, jendea “lasaitu” egiten dela esan dute, eta eskola bidearen erabilera murrizten dela gehitu: “Sarrera irteera orduetan, kotxeak agetzen direnean, arriskua handitu egiten da eta puntu beltzak han hemen ikus daitezke”.
Hori horrela, astelehenean hasiko den Eskola Bidea asterako, bost eskaera egin dituzte antolatzaileek. Lehenengoa, kotxea etxean uztea eta oinez edo beste ibilgailuen bidez eskolara joatea izan da. Baita eskolara kotxean joatea beharrezkoa denean, ikastetxe ataria errespetatzea ere. Gainera, antolatzaileek, etxeko txikiak eskolara modu autonomoan joatera animatzen dituzte, eta horretarako bidelagunak aurkitzera bultzatu dituzte. Azkenik, gogoratu dute, “adituen arabera 7-8 urtetik aurrerako haurrak gai direla beraien kabuz eskolara oinez joateko”.