Udalak bere aldetik, udal liburutegiaz gain, beste bi gune zabaldu ditu ikasleek bertan ikas dezaten
Gernika-Lumoko udal liburutegiko erabiltzaileek herrian ikasteko leku falta dagoela salatu dute. Udalak ematen duen liburutegiko z
erbitzua “onartezina” dela adierazi dute erabiltzaileek, eta “urtero legez”, azterketa garaian sortzen diren ilarak salatu dituzte.
“17.000 biztanleko herri batean 54 ikasteko toki baino ez dira eskaintzen”, diote erabiltzaileek, eta zerbizu hori “desegokia” dela azaldu dute. Hori horrela,udal liburutegia zabaldu baino lehen, “ordu erdiko ilarak” egin behar izaten dituztela esan dute, eta zabaldu aurretik bertaratzerik ez duten herritarrak “ikasteko leku gabe” geratzen direla gehitu dute.
Liburutegiko ilarak, azterketa garaian
Horregatik udalari “hartu beharreko” neurriak hartzeko eskatuko diote liburutegiko erabiltzaileek. Horretarako, sinadura bilketa bat jarri dute martxan, eta dagoeneko 567 sinadura inguru batu dituztela azaldu dute.
Sinadura bilketa liburutegian zein Change.org interneteko plataformaren bidez bideratu dute, eta sinatzeko epea oraindik zabalik dagoela jakinarazi dute. Gero, udalak hartu beharreko neurriak hartzeko eskatzen duen dokumentua udalean entregatzeko asmoa dute.
Ikasteko guneak. Gernika-Lumoko Udalak udal liburutegiaz gain, ikasteko beste bi gune zabaldu ditu ekainerako; Maria Agirre aretoa, eta Aita Luis Villasante euskaltegia. Udalaren esanetan, udal liburutegiaren ordutegia eta beste bi guneak batxilego eta unibertsitateko ikasleek, eta oposaketak prestatzen dabiltzanak ikas dezaten zabaldu dituzte; “ikasleen beharrizanak” asetzeko.
Gune horiek, baina, “desegokiak” direla adierazi dute erabiltzaileek: “Zabaldutako gelak ez dira egokiak. Besteren artean, guneek ez baitituzte lokiak, interneteko konekzio eskasa dute, eta mahaiak borobilak dira”. Gune berriak “momentuko konponbidea” direla diote, eta ez direla nahikoa gaineratu dute: “Hartu beharreko erabakiak orain hartu dituztenak baino handiagoak izan behar dira”.
Ekaineko ordutegiak:
Udal liburutegia
Aste egunetan. 9:00etatik 14:00etara; eta, arratsaldeetan, 15:00etatik 21:00etara.
Zapatuetan. 15:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.
Domekan. 10:00etatik 14:00etara.
Maria Agirre aretoa
Aste egunetan. 9:00etatik 14:00etara; eta, arratsaldeetan, 15:00etatik 21:00etara.
Zapatuetan. 15:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.
Domekan. 10:00etatik 14:00etara.
Aita Luis Villasante euskaltegia
Aste egunetan. 9:00etatik 21:00etara.