Dual espezializazioa: esperientzia eta ezagutza areagotzeko bidea
Barrutialde institutuak ikasketa aukera asko eskaintzen ditu; dela DBH, Batxilergoa, Zeregin Ikaskuntzako Gela eta baita Heziketa Zikloak ere. Azken horien baitan, Lanbide Heziketa Dualak ere badira; alegia, enpresa eta ikastetxeetan ikaskuntza-prozesu...
Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa Goi mailako zikloa ikasten hasi ziren Orue eta Oñartetxebarria. Zikloaren bigarren urtean, baina, aukera berri bat eman zieten: Dual espezializazioa egitea.
Esperientzia irabaziz
Orue iazko martxoan hasi zen trokelen mantenuaren espezializazioa egiten, eta hileon bukatuko du. Egun batetik besterako erabakia izan zen arren, gustura ari da. Boroako GESTAMPen ikasi, eta Gernikako enpresa batean lan egiten du, egunak tartekatuz. Esperientzia hartzeko bide eta aukera on bezala ikusi zuen dual espezializazioarena. Trokelen munduan esperientzia asko behar dela uste du Oruek, eta espezializazioari esker, oinarria hartu du. Enpresako beste sail batzuk ikusteko aukera ere ematen duela dio. Ezagutza aberasteko ere balio du dual mota horrek Orueren ustez, eta baita lan munduan sartzeko ere.
Teknologia berriekin
Oñartetxebarria ere esperientzia polita bizitzen ari da. Aurtengo martxoan hasi du ibilbidea Metrologiaren espezializazioan. Eibarko Armeria eskolara joaten da asteko hiru egunetan, eta Igorreko enpresa batera bi egunetan. Adibidez, trokelgintza lantzen dute enpresan; hiru dimentsioko makina batzuetan piezak analizatzen, esaterako. Metal arloa zabala denez, metrologiaren espezializazioaren barruan, bakoitzak adar ezberdinak ezagutzen dituela azaldu du, hartara, gauza ezberdinak ikasteko aukera izanez. Gainera, teknologia berrien bitartez funtzionatzen duten makinak erabiltzeko aukera ere izaten dela dio.
Oso gustura eta pozik ari da, egunero zerbait berria ikasten, eta Lanbide Heziketan ikasitakoa sakontzen. Arlo batean sakondu ahal izateak etorkizunerako aukerak areagotzen dituela uste du Oñartetxebarriak.
Hala, ikasle biek dual espezializazioa egitera animatzen dituzte Lanbide Heziketako ikasleak.