Askatasunaren aldeko herri duin bat eskatuko dute zapatuan
Euskal Herriko “zapalkuntza egoeren aurrean duintasun beharra azaleratzeko” Euskal Herri osoa ekialdetik mendebaldera zeharkatuko duen mobilizazioa egingo dute zapatuan Euskal Herriak Askatasuna taldeak antolatuta; Gernika-Lumon 20:00etan egingo duten elkarretaratzeagaz bukatuko da ekimena.
“Espainiar eta frantziar estatu okupatzaileek inposaturiko muga eta zatiketa administratiboen gainetik, herri bakar bat garela nabarmenduz eta zapalkuntza egoeraren aurrean duintasun beharra azaleratzeko burutuko dugu egun osoko ekitaldia”.
Hori horrela, “nazio askapenaren aldeko aldarria” hedatu nahi dute Euskal Herriak Askatasuna taldekoek, Euskal Herriak askatasuna behar duela nabarmenduz.
Ekitaldi eta elkarretaratzeak egingo dituzte Mauletik hasita, Amaiur, Tolosa eta Elgetatik igaroz, eta Gernika-Lumon bukatuz. Maulen ekitaldia egingo dute 10:00etan gazteluan, eta Amaiurren, berriz, oroitarrian batuko dira. Tolosa, Elgeta eta Gernika-Lumon elkarretaratzeak egingo dituzte; Triangulo plazan 15:00etan, herriko plazan 17:30ean eta Juntetxe aurrean 20:00etan hurrenez hurren.
Plataformaren ideiak. Euskal Herriak Askatasuna plataformak antolatutako ekitaldia da zapatuan burutuko dena, eta plataformaren helburua “herriak pairatzen duen zanpaketa egoera mahaigaineratu eta nazio askapenaren aldeko borroka indartzea” da.
Norbanako abertzalez osatutako eragile nazionala da Eukal Herriak Askatasuna plataforma: “Bizi dugun testuinguru politikoan, zapalkuntzaren markoaren erreformak iruzur gisa salatu eta nazio gisa behar duguna askatasuna dela azaleratzeko antolatu gara”.
Espainiar eta frantziar estatuen “zapalkuntza” salatzen du plataformak, eta horregatik esaten du “gure herria nazio ukapenean eta frantziar eta espainiar estatuen okupazioan” oinarritutakoa dela.
“Borroka irmoa”. Euskal Herriari “burujabetasuna ukatuz” Espainiako marko autonomikoa ezarri zitzaiola diote, eta Hego Euskal Herria zatituz eta konpetentzia batzuk emanez, garaian indartsua zen askapenerako borroka indargabetu nahi izan zutela.
Hala ere, ez zela “euskal nazio askapenerako borroka itzali” uste dute: “Borroka irmoa garatu zuten marko juridiko-politiko hori igatuz, eta bere funtzio asimilatzailea agerraraziz”.
Orain, borroka horregaz jarraitzeko batuko dituzte zapatuan bost herriak; “neo-estatutismoaren aurkako herri oposizioa agertzeko”. Izan ere, beraien ustez, “pasibitateak ondorio larriak ekarriko lituzke, eta zapalkuntzaren normalizazioa elikatuko luke”.