Bestelako herri eredu baten alde lan egiteko sortu dute Enaden Begiak
Jardunaldi ekologistek lagun askoren arreta berenganatu dute asteburuan; ekintza ugari izan dituzte Ean. 'Zentral Nuklearrik Ez' horma irudia bistaratu dute EskolondonEnaden Begiak jardunaldi ekologistak ospatu dituzte asteburuan, Ean. Enaden Begiak fu...
Jardunaldi ekologistek lagun askoren arreta berenganatu dute asteburuan; ekintza ugari izan dituzte Ean. ‘Zentral Nuklearrik Ez’ horma irudia bistaratu dute Eskolondon
Enaden Begiak jardunaldi ekologistak ospatu dituzte asteburuan, Ean. Enaden Begiak fundazioak bestelako herri eredu baten alde lan egiteko asmoa agertu du.Eako Udalak, Enaden Begiak Fundazioak, Eako, Natxituko eta Bedaronako erakunde, talde zein herritarrek, Alternatiben Herriak eta Euskal Herriko hainbat talde antinuklear eta ekologistek herri hausnarketa kolektiboa egitera hurreratzeko gonbitea egin zuten joan den astean, eta asko izan ziren horri jaramon eginda asteburuan Eara bertaratutakoak.
Domeka eguerdian, Eskolondo aurrean bildu zituen herritarrak Enaden Begiak Fundazioaren aurkezpenak. Iratxe Arriola Eako alkateak egin zuen aurkezpena, eta bertan egon ziren, besteak beste, fundazioaren kideak eta Euskal Kostalde EZ Nuklearra Defendatzeko Batzordearen kideak ere.
Arriolak azaldu zuen Gabriel Arestiren poemaren goiburua hartu eta izen bera jarri diotela fundazioari: Enaden Begiak. Ispasterko Ogellan egitea aurreikusita zegoen zentral nuklearraren kontra idatzi zuen Arestik aipatutako poema.
Fundazioaren helburuez ere aritu zen alkatea. Batetik, memoria berreskuratu nahi dutela azaldu zuen. «Espainiar estatuan 41 zentral nuklear eraikitzea aurreikusten zen; eta horietatik lau Hego Euskal Herrian; bat, zehazki, Ogellan. Horren aurka, herritarrez osatutako mugimendu sendo eta indartsu bat gorpuzten joan zen, eta lortu egin zuten proiektu horiek guztiak geldiaraztea. Lemoiz egiten hasi ziren, baina bere horretan geratu zen, eta besteak egiten ere ez ziren hasi, ez hemen, ez Deban ez Tuteran».
Horiek eraiki izan balituzte, ingurua «oso ezberdina» izango litzatekeela ziurtatu zuen; horregatik, fundazioarentzat «oso garrantzitsua» da herriak jakitea iraganeko egitasmoak zeintzuk izan ziren: «Zer egin nahi izan zuten gure ingurumenagaz, gure lurraldeagaz, herritarren ahotsa entzun barik». Mugimenduek zentralik ez eraikitzea lortu bazuten ere, «borroka oso luzea» izan zela esan zuen.
Sarea ehuntzen
Bestalde, aipatu zuen iraganera begira ez ezik, aurrera begira ere apurka-apurka sare bat ehuntzen joan nahi dutela, konprometitutako herritar, eragile eta udalerri ezberdinen artean alternatibak landuz, beste herri eredu bat lortzeko. «Izan ere, gaur egun ere bizi gara egoera batean non estresak jota gauden, dena deslokalizatuta dagoen, lan gutxi dagoen hemen, multinazional handien menpe gauden… Oraindik Lemoiz asko dauzkagu; beste era batera irudikatuta. Baina horri aurre egitea oso garrantzitsua da, gure bizitzaren jabe izateko, gure kontrolpean izateko. Ezer egin ezean, beste batzuek erabakitzen dute, eta hartzen diren erabakiek gure bizitzan eragin zuzena daukate». Horregatik esan zuen guztiz garrantzitsua dela kontzientzia hartzea eta etorkizuneko bizitzari buruzko hausnarketa egitea.
«Argi dago elementu batzuk behar ditugula bizitzeko: natura, eta, horrez gain, jan ere egin behar dugu, eta horretarako, edo guk landatu behar dugu edo dirua behar dugu; harreman sozialak ere behar ditugu… Gauza asko behar ditugu, baina horien guztien artean oreka bat sortzen saiatu behar gara, horrela, bizimodu jasangarriagoak egiteko».
Petroleoaren krisia ate joka daukagula esan zuen Eako alkateak, eta horrek herritarrek bizitzeko dituen ohituretan eragin zuzena duela deritzo. Beraz, fundazioak trantsizioa borondatez egin nahi du; «beste eredu baten alde lan eginez, bizitza kalitate ona edukitzeko».
Fundazioaren aurkezpenagaz batera, Zentral Nuklearrik Ez horma irudia bistaratu zuten. Jose Luis Zumeta, Karlos Zabala Arrastalu eta Bixente Ameztoi margolariek sortu zuten, elkarlanean eta jendaurrean, 1980 urteko azaroaren 8an eta 9an Bilboko Erakustazokan egin zituzten Topaketa Herrikoi Antinuklearretan.
Ordutik aurrera, herri mugimenduen esku utzi zuten borroka ekologista eta antinuklearren adierazgarri artistiko hori. Eta orain, horren erreplika bat dago Eskolondoko horman.
Jarduera ugari jarri zituzten herritarren eskura asteburuan. Lemoiz gelditzera daramatzan bideak hitzaldia eman zuten, esaterako, eta ondoren, kalejira egin eta Ogellan jarri zuten hitzordua Lurgaiakoek, bertako balio paisajistiko zein naturalen inguruan hitz egiteko.