Gernikako Batzar Nagusietarako deia egin dute Oiz menditik

Antzina modura, adar hotsez, Gernikako Batzar Nagusietarako deia egin zuten domekan Oiz menditik. Hamalaugarrenez ospatu zuen Deiadar Mendien Eguna, eta mila pertsona baino gehiago hurbildu ziren Oizeko mendi tontorrera.

Sollube, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira bost deiadar mendiak, eta aurten, bost urteren ondoren, Oiz mendiaren txanda izan da. Durangoko Alpino Mendi Taldea izan da aurtengo igoeraren arduraduna, eta tradizioari kasu eginez, Bilboko Gailurra taldeko ordezkariari eman zioten lekukoa domekan; 2019an Ganekogorta mendirako igoera antolatu dezaten.

Deiadar menduen eguna 2

Deiadar menduen eguna. Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak

Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik adar hotsa entzun aurretik, eskerrak eman zizkien bertara joandakoei “kirolaren, naturaren, historiaren eta kondairaren arteko nahasketa batzen dituen tradizinoan parte hartzeagatik”. Mendi taldeei ere zuzendu zitzaien Otadui,  “Bizkaia maitea hobeto ezagutzeko aukera ematen duen hitzordua antolatzeagatik”.

Otaduiren berbetan, 2004. urtetik ospatzen den Deiadar Mendien Egunak Batzar Nagusiek izan nahi dutenaren “ikurra” da: “XXI. mendeko batzar gertukoa eta eraginkorra, atzean historia aberatsa duena; Bizkaiaren aniztasun aberatsaren erakusgarria”.

Giroa. Eguraldiak lagunduta, jendetza bildu zen domekan Oizen, eta tontorrean hamaiketako txiki bategaz indarrak berreskuratu zituzten bertaratutakoek. Adar hotsaren ostean, musikak eta euskal dantzek girotu zuten goiza, eta parte hartzaile bakoitzak opari ekologikoa jaso zuen; Oiz garbi mantentzeko asmoagaz banatutakoa.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend