Bigarren urtez jarri du martxan udalak 18-35 urte bitarteko gazteei Alde Zaharreko etxebizitzen alokairua ordaintzen laguntzeko programa.
Astelehenean hasita egin ahalko dituzte diru laguntza eskaerak gazteek, urtea bukatu arte edo laguntzak amaitu arte.
Irune Ormaetxea Urigintza eta Ekonomia zinegotziak azaldu duenez, bi dira
programaren helburuak: batetik,
gazteei emantzipazio bidean laguntzea, eta bestetik, etxe hutsak merkaturatzea. Horren bitartez, gainera, gazteak Alde Zaharrera erakartzen dituztela azpimarratu du.
Iazko arrakasta ikusita abiatu du aurten ere udalak aipatu programa. Hain zuzen,
iaz 26 eskaera aurkeztu zirela gogorarazi du, eta horietatik, 25 onartu zituztela. “Onartutako 25 eskaeretatik 12 iaz sinatutako alokairu kontratu berriei dagozkie. Gainontzeko 13, aldiz, 2017 urte aurreko kontratuei dagozkie”. Hala, kontratu berriei esker, 15 gazte erakarri dituzte Alde Zaharrera.
Iaz 25 eskaera onartu baziren ere,
40 herritar izan ziren
onuradunak; izan ere, laguntzak norberak bakarrik, bikotekideagaz edota beste pertsona batzuekin eskatu daitezke. Eta etxebizitza partekatzen duten guztiak izan ahalko dira onuradunak, baldin eta errentamendu kontratua guztiek sinatzen badute, eta gainontzeko beste baldintza denak betetzen badituzte.
Eskatzaileek, hala ere,
zenbait baldintza bete beharko dituzte diru laguntza horiek jaso ahal izateko. Santi Murua Berualako zuzendariak aipatu duenez,
iazko baldintza berberak izango dira: alegia, eskatzaileek edo bizikidetza unitateko kideek ezingo dute bere jabetzako etxebizitzarik izan; bizikidetzako unitateko pertsona guztiak etxebizitza horretan erroldatuta egon behar dira, eta, gutxienez, horietako bat Bermeon erroldatuta egon behar da azken hiru urteetan edo azken urtean etenik gabe.
Bestalde,
eskatzailearen gehienezko diru sarrerak zeintzuk izan behar diren ezarri ditu udalak:
28.000 euro arte urtean (irabazi gordina)
eskatzailea pertsona bakarra denean, eta
39.000 euro arte urtean (irabazi gordina)
eskatzailea bizikidetza unitatea bada edo pisukideen artean harreman ekonomikorik ez badago.
Gainera, udalak gogorarazi du onuradunen eta errentatzaileen artean ezingo dela odolkidetasun loturarik egon, ez eta ahaidetasuneko bigarren mailara arteko familia loturarik.
Alokairuak, gutxienez, urtebeteko iraupena izango du, eta,
gehienez, 200 euro artekoak izango dira udalak emango dituen laguntzak; betiere, eskatzaileen diru sarreren arabera.
Eskaerak Berhaz bulegoan aurkeztu beharko dituzte interesatuek.
Informazio gehiago nahi duenak
Bermeoko Udalaren webgunea (
www.bermeo.eus) bisitatu beharko du.
Alde Zaharrean “beste giro bat, beste bizitzeko modu bat” dagoela argudiatuz, gazteak Alde Zaharrean alokatzera animatu ditu Urigintza zinegotziak.
Hala, aipatu programaz gain, Alde Zaharra biziberritzeko asmoz, beste hainbat ekintza egiten jarraituko dutela nabarmendu du Ormaetxeak.