Beste urte batez, azoka berezien denboraldia hasiko dute Gernika-Lumon. Bihar egingo dute lehena, eta abenduaren 1ean azkena. Biharkoak Urdaibaiko txakolina izango du protagonista.
09:00etan zabalduko dute biharko azoka eta 14:30ean itxi. Bien bitartean, hamaika txakolingileren ardoak dastatzeko aukera izango da Merkatu plazan, eta baita eskualdetik iritsitako gaztagileen gaztez ere.
Halaber, inguruko baserritarren ortuko produktuak zein kalitatek handiko bestelako jakiak (patea, eztia..) ere izango dira Merkatu plazara bertaratzen diren horien eskura. Artiasauek ere ez dute hutsik egingo biharkoan. Txikitxoenek ere izango dute, ohi legez, beraientzako lekua; azokak iraun bitartean, jolasak izango baitituzte aukeran.
Biharkoagaz hasi, eta abendura bitartean, hileko lehen zapatuetan hartuko du azoka bat edo beste Merkatu plazak. Uztailean, esaterako, Gernikako piperrari lotutakoa izango da, eta abuztukoa Errioxako ardoari eta bakailaoari lotutakoa. Irailean, Bizkaiko untxia eta sagardoa izango dira protagonista, eta urrian, sukalkia. Azaroan, berriz, Gernikako indabak dastatu ahalko dira, eta abenduan, karakolak.