Askotariko kirolak dituzte aukeran ume bermeotarrek, asteburuan
Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Kirolari Ateak Zabalik jardunaldia egingo dute asteburuan, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta.
Bermeoko Eskolarteko XIV. Olinpiada jokatuko dute Araneko kiroldegian bihar, 10:00etatik 12:00etara. Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuaren eta Taraska Gazte-Zahar Atletismo Taldearen eskutik, barne atletismoko probak egingo dituzte, lau gunetan banatuta.
Bestalde, Lamerako kioskoan arte martzialen gunea jarriko dute, 11:30etik 13:00etara. Eta Zubiaur Tar Kepa 50eko enparantzan eskubaloi gunea izango dute, 18:00etatik 20:00etara (euria bada Araneko kiroldegian).
Domekan, berriz, line dance eta gimnastika erritmikoko erakustaldiak egingo dituzte Lameran, 12:00etatik 14:00etara.
Irune Ormaetxea Bermeoko Kirol zinegotziak parte hartzeko gonbidapena luzatu du: “Jaiak jolas-izaera dauka eta herritar guztiek parte hartu ahal dute; izan ere, jarduerak parte-hartzaileen maila fisikoaren arabera egokituta daude”. Hala, kirola “integratzeko eta hezteko tresna” osasungarria eta pizgarria dela nabarmendu du.
Kirol zinegotziak jardunaldia egitea posible egiten duten taldeen laguntza eskertu du: Taraska Gazte-Zahar atletismo talde, Urdaibai eskubaloi taldea, Karate taldea eta Xixili Gimnastika taldea. Era berean, Sagrado Corazón ikastetxeari, San Frantzisko herri ikastetxeari eta Eleizalde ikastolari eskerrak eman dizkie ikasleei ekimen honen berri emateagatik.