Marea Urdinaren nondik norakoak ezagutzera eman dituzte Mutrikun
Zeharkaldia uztailaren 8an hasiko da Saturraran hondartzan. Igerilariek mezu ezkutua daraman buia eramango dute gerritik lotuta. Bideoklipa grabatuko dute lasterMutrikuko Idurre Guraso Elkartearen, Saturran Guraso Elkartearen eta San Miguel ikastetxear...
Zeharkaldia uztailaren 8an hasiko da Saturraran hondartzan. Igerilariek mezu ezkutua daraman buia eramango dute gerritik lotuta. Bideoklipa grabatuko dute laster
Mutrikuko Idurre Guraso Elkartearen, Saturran Guraso Elkartearen eta San Miguel ikastetxearen ekimenez, Marea Urdina Autismoaren aldeko igeri zehar- kaldiari buruzko nondik norakoak azaldu zituen herenegun Aritz Orbegozok Mutrikuko Zabiel kultur etxean.Orbegozok autismoa duen semea du, eta beste hiru lagunekin batu, eta jendartea Autismoaren Espektroko Nahasketa (AEN) dutenen inguruan sentsibilizatzeko zerbait handia egin behar zutela erabaki zuten duela hilabete batzuk. Denak ere igerilariak izandakoak direnez, Gipuzkoa osoa igeri gurutzatzea bururatu zitzaien. «Horrela sortu zuten Marea Urdina taldea».
Zeharkaldia uztailaren 8an hasiko da Mutrikuko Saturraran hondartzan, eta hurrengo egunean bukatuko da Hondarribian. Bi egunetan banatuta, 34 itsas milia egingo dituzte igeri gelditu ere egin gabe. Lehen bi zatiak Saturraran-Mutriku eta Mutriku-Deba izango dira zehazki. Gaineratu dutenez, egun bien bukaeretan festa egingo da Orion eta Hondarribian.
70 bat igerilarik parte hartuko dute zeharkaldian, eta tartean mutrikuarrak egongo direla ere aipatu du Orbegozok. «Gehiagok ere parte hartu nahi izan dute ekintza solidario honetan, baina segurtasunagatik ez dugu gehiago onartu». Guztiek erritmo bakarrean egingo dute igeri. «Guztiek batera egingo dute igeri. Inor ez da aurretik edo atzetik joango». Nabarmendu dutenez, igerilariak anonimoak izango dira, «inongo protagonismorik gabe».
Zeharkaldi nagusia 70 bat igerilarik egingo baldin badute ere, tartean beste zeharkaldi txikiagoak ere egingo dira aldi berean, Deban, Zumaian, Zarautzen eta Donostian. Lau herri horietara Marea Urdina hurbiltzen denean, tarte hori batera igerian egiteko aukera izango dute beste hainbat herritarrek. Horretarako aurretik eman beharko da izena. «Jendea gonbidatzen dugu etapa horietan parte hartzera. Igerian ez bada ere, txalupan, kanoan… guri animoak ematera etortzera ongietorriak izango zarete. Inguruan zenbat eta giro handiagoa egon, hobeto».
Zeharkaldia, azkenik, uztailaren 9ko 18:00ak inguruan ailegatuko da Hondarribiara, eta azken metroak eurekin batera igerian egiteko beste aukera bat egongo da. Igerian doazenek, gainera, korrikan egiten den modura, lekuko bat eramango dute gerritik lotuta, buia bat, eta buia horren barruan mezu berezi bat egongo da idatzita. «Zeharkaldiaren azken metroetan austimoa duen batek eramango du mezu hori».
«Elkartasunezko olatua»
Egitasmoaren antolatzaileek azpimarratu dutenez, «elkartasunezko olatua» sortu da egitasmoaren inguruan. Babes handia jaso dute, eta egitasmoa munduan zehar ere zabaldu da. «Marea Urdina ez da igeriketa bakarrik. Igeriketa aitzakia bat da. Egitasmo honen helburua jendartea autismoaren inguruan kontzientziatzea da, eta hori modu batera edo bestera lortzen ari garela uste dugu. Egia esan, Marea Urdinaren inguruan oso gauza politak sortu dira».
Laster Urdingunea kantuaren bideoklipa ere grabatuko dute; gaur gaurkoz, koreografia entsegatzen ari dira.