Gernika-Lumoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiagaz Lankidetza Hitzarmena sinatu du. Hitzarmenaren helburua “Gernikako Bonbardaketaren
artxiboa erabiltzeko eskubidea Jaurlaritzari ematea” dela adierazi du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Hiru urtez izago du Jaurlaritzak eskubide hori, eta horrek erakusketaren erreprodukzioak egitea eta atzerriko zenbait tokitan erakustea ahalbidetuko du.
Aurten, dagoeneko hiru erakusketa egingo dira; bakarra Txilen eta bi Uruguaien. Marian Elorza Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako Idazkari Nagusiak azaldu duenez, kasuan kasuko baimenak lortu dituzte erakusketa horiek burutzeko, baina gaur sinatutako hitzarmenagaz Euskal Etxeek erakusketa izateko bidea “libre” edukiko dutela gehitu du; publikoari zabaltzeko aukera da hori.
Marian Elorza eta Gorron?o hitzarmena sinatu duten ekitaldian.
Elorzaren berbetan, “elkarrekin lanean aritzeko akordioa” da gaur sinatutakoa; Gernikako Bonbardaketa atzerrian ezagutarazteko aukera. Hitzarmenaren bitartez, Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren fundazioak Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiari
hiru urtetako baimena ematen dio bonbardaketaren erakusketaren artxiboa erabili ahal izateko.
Normalean, erakusketak Jaurlaritzaren atzerriko delegazioek “antolatzen” dituztela jakinarazi du Elorzak, baina erakusketa honen kasuan, Euskal Etxeei emango diela antolatzeko aukera esan du. Euskal Etxeek “interes ikaragarria” dutela jakinarazi du gainera idazkariak, eta “betidanik gure errealitatea atzerrian ezagutzera emateko garrantzitsuak” izan direla euskal giza taldeak aitortu du. Euskal Etxeen “lan bikaina” azpimarratu du: “Egia ezkutatu nahi izan zenean, Gernikako bonbadaketa kasu, lan handia egin zuten egia zabaltzeko”.
“Gernika” izena. Hego Ameriketako Euskal Etxeek Gernikako bonbardaketan duten interesa Gernika deitutako “leku asko” daudelako izan daitekeela esan du Elorzak: “Gernika deitutako toki asko daude; atzerrian dauden plaza, kalea zein monumentuak dira euskal komunitatea ezagutzera ematen dutenak”. Gainera, munduan zehar sakabanatuta dauden Gernikako arbolaren kimuak gogorazi ditu Idazkari Nagusiak; “gertatutakoaren oroimena eta esperantzarako gogoa” direla adieraziz.
Bukatzeko, Bakearen Museoari bi opari egin dizkio Elorzak. Alde batetik, Uruguain martxan jarriko Gernika gunean ipinitako plakaren kopia txikia; eta bestetik, plaka hori estaltzeko erabilitako Uruguaiko bandera.