Iparraldeko saltsa giroan
Arrakastaz ospatu da Iparraldeko Haizeak jaia. 21 kuadrillak parte hartu zuten urteroko Gisatu Txapelketan eta Manu Roldanenak eraman zuen sari nagusiaIparraldeko Haizeak jaialdiak jaki goxoak eta giro ederra ekarri ditu aurten ere, Lekeitiora. Barikuk...
Arrakastaz ospatu da Iparraldeko Haizeak jaia. 21 kuadrillak parte hartu zuten urteroko Gisatu Txapelketan eta Manu Roldanenak eraman zuen sari nagusia
Iparraldeko Haizeak jaialdiak jaki goxoak eta giro ederra ekarri ditu aurten ere, Lekeitiora. Barikuko bertso poteoari eta kontzertuari lekukoa hartuta, Gisatu Txapelketa izan zen zapatuan eguneko eskaintzetako bat. Domekan berriz, azoka eta bertso saioa izan ziren protagonistak.Azken urteetako kopuruari eutsita, 21 kuadrillak eman dute izena aurtengo Gisatu Txapelketan. Faborito garbirik bazegoen galdetuta, ezezkoa erantzun zuten Aittita Txiki taldekoek. Izan ere, urte batean lehen postuan geratu direnek azken postua ere egin izan dute. «Sekula ez dakizu zelan aterako den; sukaldariak ez dira beti berdinak izaten, eta izanda ere, ezin jakin zelan joango den eguna. Jende askorentzat sukaldatzea ere ez da erraza; kuadrilla batzuek 50 lagunentzako bazkaria egingo dute».
10:00ak orduko hasi ziren sukaldatzen parte hartzaileak, taberna aurreetan gehienak, eta Eskolapean eta ikastola aurreko parkean beste zenbait. 13:30 orduko eduki behar zuten guztiek gisatua prestatuta, eta hala egin zuten. Egon zen, baina, 09:00etarako suaren inguruan prestaketetan ibili zenik ere. Aittitta Makurra txarangakoek ordubete lehenago ekin diote gisatua prestatzeari, 13:30erako kalejiran atera beharra zeukaten eta.
Epaimahaiak gisatu guztiak probatu zituen eguerdian, baina arratsaldera arte ez zuten eman ebazpena. Aurtengo irabazlea, 39 puntugaz, Manu Roldan izan da. Hurre gelditu zen WC Komuns, 36, 5 puntugaz bigarrena, eta 30,5 punturekin hirugarrenak Aittitta Makurra elkartekoak izan ziren.
Eguna usain goxoz ez eze, giro onez beteta ere egon zen. Itxaropena txistulari taldeak, Aittitta Makurra txarangak edota Baigorriko Gaiteroek jarri zioten doinua iparraldea eta hegoaldea gerturatzea helburu duen jaialdiari. Dantza giroa Arrola eta Etorkizuna taldeen eskutik ailegatu zen.
Eguraldi ona lagun, asko izan ziren bai eta domeka goizeko azokara hurreratu zirenak ere. Iparraldeko eta hegoaldeko ahatekiak, ogi, gozo eta artisautza ere aurkitu zuten postuetan.