Bermeoko Udalaren maiatzeko Osoko Bilkuran Guzanek aurkeztu zuen mozioa, eta horren alde aho batez egin zuten.
2011. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Meñaka arteko proiektua onartu zuen. Proiektuak Sollube gainditzeko bi tunel eta Bermeon saihesbidearekin konexioa zehazten zituen. Hala ere, 2012. urtean obren kontratua bertan behera geratu zen. Ordutik hona proiektua paralizatuta egon da, hori abian jartzeko baldintza ekonomikoak ematen ez zirelako, baina aurten, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, ekonomiaren martxa ona nabarmenduta, obra publikoko inbertsioak martxan jartzeko ahalmena dagoela adierazi du.
Hori dela eta, Guzanek aurkeztutako mozioak aldundiari proiektua
atzera hartzeko eskatu zuen, herriarentzako “proiektu garrantzitsua” dela kontuan hartuta. “
Kontsentsu zabaleko erabakia da. Argi utzi behar dugu bermeotarrok herri honen etorkizuna jokoan dagoela proiektu honekin” esan zuen Xabi Ortuzar Guzan taldeko udal bozeramaileak.
Sollubeko tunelak “bermeoren ekonomiaren garapenean, herritarren mugikortasunean eta garraio publikoan eragin positibo handia” izan ahal duela adierazi zuen Ortuzarrek, eta orohar, “bermeotarren
bizi kalitatean hobekuntza handiak” ekarriko dituela: “gaur Bermeo eta Mungia arteko errepideak sortzen dituen eguneroko arazoak atzean utzi eta irteera bizkor, seguru eta erosoa eskainiko lieke adibidez Bilboaldera, Txorierriko korridorera, Galdakaoko ospitalera edo ibilbide luzeagoko norakoetara doazen herritarrei”.
Bestalde, “Eusko Jaurlaritzak kudeatutako Bermeoko portu komertzialak merkantzia mugimendurako sarbide aproposa izango luke Sollubeko tunelekin”, eta horrela, Bermeoko portuaren aktibitatea bultzatzeko faktore izatez gain, Guzanen ustez “herriaren
ekonomian aukera berriak sortzeko iturri” bihurtuko litzateke.
Garraio publikoaren aldetik, “Bermeo eta Bilbo arteko
garraio publikoari bultzakada” emateko funtsezkoa dela azpimarratu zuten. “Pasa den urtean herritarrek Bilborako autobusak ordu erdiro jartzea eskatu zioten Aldundiari eta erantzuna ezezkoa izan zen, erabiltzaile bolumenerako garestiegia litzatekeelako. Sollubeko tunelekin, bidaia laburragoak eta beraz, autobus berdinekin bidaien frekuentzia handitu ahalko litzateke kostua handitu gabe. Erabaki estrategikoa da garraio publikoa bultzatzeko”, esan zuen Ortuzarrek.
Beraz, proiektuaren berrabiaratzea “ahalik eta azkarren” gauzatzea eskatu zuten Guzanetik, zazpi urte ondoren proiektua “bai edo bai” aurrera ateratzeko.
Adostasuna
Udaleko beste talde politikoak ados agertu ziren Guzanen proposamenarekin. Benito Ibarrolaza Bermeoko Alkateordeak aldundiarengana joan aurretik lan-talde bat sortzeko proposatu zuen, proiektua aurrera eramateko proposamena”denok batera” eramateko eta “indarra egiteko”. Sollubeko tunelak herritarren mugikortasunean bakarrik ez,
ingurumenean ere eragina izango zuela adierazi zuen Ibarrolazak: “kamioiak Urdaibaiko erreserba erditik joaten dira, eta hori nolabait saihestu egin behar dugu”.
Aritz Abaroa EAJ-PNVko udal bozeramailearen berbetan, “uste dugu talde guztiek argi dugula herriko
konexioetan hobekuntza bat behar dugula, eta aldundiari proiektua eskatu behar diogula”. Nabarmendu zuenez, “ekonomia suspertzeko aukerak eskainiko” ditu, baita “segurtasuna hobetzekoak” ere.