Jai Alaik Iñaki Goikoetxea fitxatu du udako denboraldirako
Iñaki Osa Goikoetxea zestalariak Gernika Jai Alai Professional taldeagaz jokatuko du aurtengo udako denboraldia; talde gernikarrak parte hartzen duen txapelketa guztietan aritzeko aukera izango du zumaiarrak. Zesta puntaren udako txapelketak azarora arte luzatuko dira.
Otsailetik Mexikoko frontoian egiten ari da Goikoetxea, eta horrela jarraituko du udako denboraldia hasi bitartean. Denboraldi bikaina jokatzen ari da Mexikon, ondo egokitu baita bertako frontoira. Orain dela gutxi, eta oporrak tarteko, Euskal Herrian izan zen zestalaria, eta orduan sinatu zuen Jai Alai Professional taldeagaz udako hitzarmena.
Mexikoko frontoian lehiatzen aritzeak udako denboraldira “egoera bikainean” heltzea dakarrela dio talde gernikarrak. Iazko denboraldian Goikoetxeak ez zuen Mexikoko frontoian jokatu, ez eta etxeko txapelketa nagusietan. Aurten baina, Mexikon jokatzea lortu ondoren, udako denboraldia Gernika Jai Alain jokatuko du.
Dena irabazitako zestalaria. Sei aldiz Binakako Munduko txapeldun izandakoa da Iñaki Goikoetxea. Horrez gain, beste bi aldiz izan da Munduko Txapelduna kiniela lehiaketan, eta hamaika aldiz irabazi du Buruz Buruko Txapelketa Nagusia (10 aldiz frontoi luzean, eta bakarra frontoi laburrean). Lortu ahal zuen guztia irabaztera iritsi da zumaiarra Estatu Batuetan.
Milanen debutatu zuen 1996an Goikoetxeak, baina Orladoko Jai Alaitik igarota, Miami Jai Alaien jokatu du gehien. 2015ean Euskal Herrira itzuli zen zestalaria, eta udako txapelketak jokatu zituen gehien bat. Aurten, baina, Mexikon jokatzen dabil.