Ekainaren 15ean 19:30ean Merkuriotik hasita, eta
Maletak hustu, etorkizuna puztu lemapean manifestazioa egingo du Gernika-Lumoko Sarek. Bertan, dispertsio politika amaitzeko eskatuko dute.
Sareko kideek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, eta ia
30 urtez mantentzen den dispertsio politikak euskal preso eta haien senideen
giza eskubideak sistematikoki urratu dituela gogorarazi zuten. Horregatik, “sufrimenduari ateak itxi eta konponbideari leihoak zabaldu nahi dizkion gehiengo soziala garelako” salbuespen politikoagaz amaitu beharra dagoela adierazi zuten Sarekoek.
Presoak bisitatzeko
bidaien eta maleten arteko metafora egin zuten agerraldian: “Maleta. Bidairako ezinbesteko osagarria. Ilusioak eta esperantzak sartzeko euskarria. Maleta horiek baino ez lirateke bete beharko, baina ez da beti horrela izaten. Kilometro ugari soinean dituzte zenbaitzuenak presente daude gure bizitzetan oraindik. Bidaia luzeak egindakoak guztiak, urte luzez. Eta maleta horiek hustu nahi ditugu. Betirako. Beti prestu kartzelako bidaietarako maletarik eduki ez dezan inork. Behartutako bide gehiagorik egin ez dezan inork inoiz”.
Etorkizunari begira. Kanbon emandako adierazpenak ere jaso zituzten atzo, “preso direnen eta ihesean diren pertsonen auzia”, besteak beste.
Sare Gernikaren agerraldia tren geltokian
Lurraldeko eguneroko bizitza politika normalizatzeko “etenik gabeko lanak” beharrezkoak direla esan zuten Sareko kideek; norbanako eta eragile anitz asko horretarako lanean daudela gogoratuz. “Jendarte zibilaren parte hartze aktiboa funtsezkoa da; Ipar Euskal Herrira begiratzea besterik ez dago”, adierazi zuten. Gainera, “pentsaera anitzak oinarrizko osagi komunetan ados jartzea eta lanketa pedagogikoa egitea” bakegintzarako pauso garrantzitsuak direla gehitu zuten; pentsaezina zirudiena egia bihurtzeko.
Espainiako gobernuaren “borondate eza” azpimarratu zuten; konponbide prozesu batean ekarpen positiboak egiten ez dituelako. “Euskal jendartean berriz, indar anitzak sentitzen dira bake agertokiaren eraikuntzan pausu sendoak emateko”, esan zuten Sarekoek.
Euskal preso eta iheslari politikoek eta haien senide eta gertukoek “egin beharreko maletak egiteari uztea beharrezkoa” dela adierazi dute, eta “maletak hustu” behar direla gehitu.