XVIII. Iparraldeko Haizeek hiru eguneko jaia dakarte Lekeitiora
Iparraldeko zein Hegoaldeko kultur ekitaldiekin gozatzeko aukera edukiko dute Lekeitiora hurreratzen direnek. Bertso saioa domekara aldatu duteBihar hasita, hainbat ekintza egingo dituzte Lekeition Iparraldeko Haizeak jaiaren baitan. Lekeitioko Aittitt...
Iparraldeko zein Hegoaldeko kultur ekitaldiekin gozatzeko aukera edukiko dute Lekeitiora hurreratzen direnek. Bertso saioa domekara aldatu dute
Bihar hasita, hainbat ekintza egingo dituzte Lekeition Iparraldeko Haizeak jaiaren baitan. Lekeitioko Aittitta Txiki Kultur Taldeak Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko harremanak sendo- tzeko helburuagaz sortu zuen ekimenaren 18.a ospatuko dute aurten, eta urtero modura, dantza, musika, sukaldaritza lehiaketa, bertso eta azokarik ez da falta izango.20:00etan ekingo diote lehen egunari bertso poteoagaz. Orain arte bertso saioa egon izan da asteburu kulturalari hasiera emateko, baina egunez aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Bertso saioa domekan 17:30ean egingo da, Ikusgarri zinema aretoan, eta horren ordez, barikuan bertso poteoa egingo dute Galarrenatik hasita, Lekeitioko eta Iparraldeko bertso eskoletako bertsolariekin batera.
Barikuari doinua ematen jarraitzeko, Baztango Azken Trena musika taldearen kontzertua egongo da gauean, Dzapart tabernan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, kontzertua kanpoan egingo litzateke eguraldi ona balego eta barruan euria balego.
Gisatu Txapelketa
Zapatuan egingo da urtero kuadrillen artean arrakasta handia edukitzen duen Gisatu Txapelketa. 10:00etan hasi ahalko dira kuadrillak prestaketekin Eskolapean edo taberna aurreetan. Eguerdirako eduki beharko dute prest gisatua, epaimahaiak erabakia hartu ahal izateko. Iaz, esaterako, aurkeztu ziren hamazortzi taldeen arteko gisaturik onena WC Komuns taldearena zela erabaki zuen epaimahaiak.
Kuadrillak janaria prestatu bitartean, animaziorik ez da faltako. Baigorriko Gaiteroak, Lekeitioko Itxaropena txistulari taldea eta Aittitta Makurra txaranga ibiliko dira kalerik kale. Eguerdian, gainera, txikiteo abestua egingo dute Kuxkuxtu txarangak lagunduta.
Eskolapean eta taberna aurreetan bazkaldu ostean emango dituzte sariak Limoneroetan, eta jarraian, Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeen emanaldia egongo da plazan.
Musika Iparraldeko Haizeak jaiaren parte garrantzitsua izanik, egunari amaiera emateko Iparraldeko Polekeleke elektrotxarangak alaituko ditu gauean Lekeitioko kaleak.
Azoka
Iparraldeko eta Hegoaldeko ekoizleen elikagai eta artisautza produktuak ezagutu eta eskuratzeko aukera ere eskainiko du jaiak aurten ere. Azokako postuak 11:00etatik 14:30era bitartean egongo dira zabalik Independentzia plazan.
Azoka inguruetan ere, jai giroa izango da nagusi. Hernaniko pilotarien eskutik Bote Luzea pilota jolasaren erakustaldia egongo da Paskual Abaroaren monumentuaren aurreko zabalgunean prestatuko duten zelaian.
Bertso saioak itxiko du aurtengo asteburua. Lau bertsolari igoko dira Ikusgarri aretoko oholtzara: Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna, Andoni Egaña, Igor Elortza eta Sustrai Colina. Gaiak jartzeko ardura, berriz, Xabat Galletebeitia Lekeitioko bertsolariak edukiko du. Sarrerak salgai daude Lekeitioko Aralde liburu dendan, baina bertan egunean ere erosi ahalko dira, 17:00etatik aurrera, sarrerako leihatilan.