Jabi Luaces busturiarrak ez du Gernikaren entrenatzaile izaten jarraituko

Azken bost urteotan alboan izan dituenen laguntza eta babesa eskertuz agur esan dio Gernikan egin duen ibilbideari. Klubak apirilaren 24an jakitera eman zuen Luacesek taldea zuzentzeari utziko ziola aurtengo denboraldia amaitzean. “Bere kirol ibilbidean beste etapa bat hasteko” erabakia hartu zuela azaldu zuten orduan. Talde gernikarraren arduradunek egindako lana zein klubari, afizioari eta jokalariei erakutsitako maitasuna eskertu zioten.

Atzo, berriz, esker oneko berbekin, sare sozialen bitartez agurtu zen busturiarra. Familiari eta lagunei agur esan eta eskerrak emateko momentua ailegatu dela adierazi zuen. Azken bost urteak sakrifizio eta lan handikoak izan direla, eta merezi izan duela esanez, eta etorkizunean ere klubak “arrakasta handiak” lortzen jarraituko duenaren usteagaz doa Luaces. “Kirol arloan eta pertsonalki” hainbeste bete dion klubetik eta herritik irtetzea kostatu arren, beste bide bat hartzeko momentua heldu zaiola dio.

Busturiarraren gidaritzapean, momentu garrantzitsuak bizi izan ditu taldeak. 2014-2015 denboraldian Bigarren B mailara igo zen taldea, eta azken hiru denboraldietan bertan mantentzea lortu dute. Luacesek harreman estua dauka klub gernikarragaz. Izan ere, jokalari, Kirol Zuzendari eta beheko mailetako entrenatzaile ere izana da.

Bigarren B mailako 2. multzoko sailkapenean, zortzigarren amaitu du 2017-2018 denboraldia. 38 jardunalditan 59 puntu bildu ditu; 17 garaipen eta 11 berdinketa lortu, eta 11 porrot jaso ditu.

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend