Izaskun Garcia muxikarrak bigarren denboraldia beteko du Araskin
Klubak atzo jakinarazi zuen beste urte baterako akordioa lortu dutela. Erabakiagaz pozik, eta datorren denboraldian “dena emateko” gogotsu dagoela adierazi du jokalariak.
Taldean bere lekua egiten asmatu du, eta jokalari garrantzitsuenetakoa da. 2017-2018 denboraldian hainbat lesioren eraginez, erregulartasuna mantentzea zail izan du Garciak. Hala ere, partidu ofizial bakarra galdu du. Partiduko batez beste 4,6 puntu, 2 errebote eta 2,1 asistentzia lortu ditu.
Gernika KESB klubean hazi den muxikarrak ibilbide oparoa daroa saskibaloian. Talde gernikarra gorengo mailara eraman zuenetako bat izan zen, eta iaz, jokalari moduan hazten jarraitzeko asmoz heldu zen Gasteizera. Gernika KESBen legez, Araskiren ere “familia bat” aurkitu duela esan du, eta lehen momentutik jokalari garrantzitsua dela sentitu duela.
Aurtengo denboraldia hamargarren postuan amaitu du talde arabarrak, 36 puntugaz ( 10 jardunaldi irabazi eta 6 galdu ditu). Dia Ligaren 2018-2019 denboraldia urriaren bigarren asteburuan hasiko dute.