Hutsegiteen garrantzia artean
Josune Laka artista ondarrutarrak 'Saiakerak, hutsegiteak eta beste' erakusketa antolatu du. 90 bat lanez osaturiko erakusketa ikusgai dago domekara arte. Litografiak, monotipoak eta serigrafiak ikusteko aukera dago.Hutsegiteak artean ere ematen direla...
Josune Laka artista ondarrutarrak ‘Saiakerak, hutsegiteak eta beste’ erakusketa antolatu du. 90 bat lanez osaturiko erakusketa ikusgai dago domekara arte. Litografiak, monotipoak eta serigrafiak ikusteko aukera dago.
Hutsegiteak artean ere ematen direla ikustarazteko Saiakerak, hutsegiteak eta beste erakusketa antolatu du Josune Laka Artetxe artista ondarrutarrak.Erakusketa Ondarroako erakusketa aretoan dago ikusgai, eta bertan dauden 90 bat lanen artean, hutsegite batzuk ere ikusgai jarri ditu Lakak. Artista ondarrutarrak nabarmendu duenez, saiakeretan beti egoten dira hutsegiteak, «emaitza ikusi arte ezin da jakin lanak ondo edo txarto irtengo duen».
Bisitariak, bestalde, tamaina askotariko lan abstraktu eta figuratiboak ikusi ahalko ditu erakusketan. Lanik handienak metro bat inguruko luzera dauka, eta txikienak, ostera, 10 bat zentimetrokoa.
Lakak aitortu duenez, azken hamar urtean egindako lanak dira, eta lehenengo begiradan paperean zuzenean margotuta badirudite ere, euskarri bat metalikoa, metakrilatoa edo azetatoa erabilitako teknikagaz egindakoak dira, «hemen ez dago paperean zuzenean margotutako ezer». Litografiak, monotipoak eta serigrafiak erabili ditu artelanak egiteko.
Artelanak egiterako orduan arazo gehien monotipoek ematen dituztela agertu du. «Monotipoetan xafla baten gainean egiten duzu lana, eta gero hori paperera transferitzen da. Eta lanak paperean txarto irtetzen badizu, ez dago zereginik. Euskarri gainean egindakoa paperera trasferitzen da, eta ezin da berriro lan berdinik egin. Hor egindakoa, egia esan, bakarra da, ezin da errepikatu. Beste teknika batzuk erabilita, ostera, lana xafla gainean nolakoa den aurreikusi dezakezu, eta egindakotik irudi bat baino gehiago errepika daitezke».
Aspaldian Ondarroan erakusketa egin barik egon ostean, pozik dagoela azpimarratu du, eta azaldu duenez, jende asko ari da interesa erakusten.
Erakusketa zabalik dago domekara arte, honako ordutegian: astegunetan, 18:30etik 21:00etara bitartean, eta asteburuan, 12:00etatik 14:00etara bitartean eta 18:30etik 21:00etara bitartean.