Berdintasun zerbitzua martxan jartzeko eskatu die ELA eta LABek Gernika-Lumoko Udalari
Gernika-Lumoko Udaletxeko ELA eta LAB sindikatuek 2017ko uztailaz geroztik herrian ez dagoela Berdintasunerako zerbitzurik salatu dute. Gainera, kontratazio zuzen bidezko Berdintasun Zerbitzu publiko bat martxan jartzea eskatu die udalari; erronkaren neurrikoa den aurrekontu eta baliabideekin.
Kontratazio zuzen bidezko zerbitzuaren eskaera egiteaz gain, hauteskunde garaia “iristen ari dela” esan dute, eta “gai honi buruzko erabilpen politikorik ez egitea” eskatu die udalari.
Gernika-Lumoko Udalean Berdintasunera bideratutako zerbitzurik ez izatea “errespetu falta” dela adierazi dute ELA eta LAB sindikatuek: “Hainbeste lan egin zuten langileekiko eta zerbitzu hori erabiltzen zuten herritarrekiko errespetu falta da. Herri osoarekiko errespetu falta”.
Hori adierazteaz gain, Berdintasunerako zerbitzu ezari buruz herritarrek hainbat kezka agertu dituztela, eta udalari egoera konpontzeko exijitu diela gogorarazi dute sindikatuek. Baita udalerriko ikastetxeek egindako eskaerari udalak erantzunik eman ez izana ere.
Zerbitzua martxan jarriko dela entzun dutela esan dute sindikatuek, baina ez dakitela noiz eta zein aurrekonturekin gehitu. Horregatik, Berdintasunerako zerbitzua ezartzeko agintarien interesa zalantzan jarri dute sindikatuek: “Berdintasunaren ideia potoloagaz aho bete zuten agintariek ba al dute emakumeok bizi ditugun egoeren aurrean?”
Kezkatuta eta harrituta. Udalaren aurreikuspen eta kudeaketa ez eraginkorra salatu dute sindikatuek, “abandonoa eta herritarrei ez erantzutea gehituta”. Hori horrela, ELA eta LAB sindikatuek “beste eredu baten alde lan egiteko prest” daudela adierazi dute, “gure udaletxeak herritarrei eman beharreko kalitatezko zerbitzu publikoen alde lan egiteko prest; batera”.
Sindikatuek adierazi modura, “Gernika-Lumon berdintasunaren alde egondako mobilizazio historikoek gauzak aldatzeko nahia dagoela argi erakutsi dute”. Horregatik, “gure alea jarri dezagun bide hori posible egiteko” aldarria egin dute.